Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetatik, Goizuetara bideratuko dira 480.000 euro, 2025ean, Goizuetako Udalak aditzera eman duenez. Behin betiko aurrekontu legea oraindik onartu ez bada ere, datorren urteko Nafarroako aurrekontuetan «Goizuetako bi inbertsio garrantzitsu eta beharrezko egiteko partidak egongo direla esan dezakegu».
Aurrekontuen aurre-proiektuan jasota zegoen 300.000 euroko partida bat. Honen helburua da Manuelenea eraikinaren birgaitzearen lehen fasea burutzea. Hain zuzen ere, datorren urtean eraikina sendotzeko lanak eginen ditu Goizuetako Udalak, partida honi esker. Ezinbestekoa den lehen urrats honen ondoren, barruko lanak egitea faltako litzateke, eta erabat birgaitu ondoren, alokairu sozialera bideratutako sei etxebizitza egonen dira herritarren zerbitzura.
Aurrekontuei helegiteak aurkezteko fasean, berriz, EH Bilduk Goizuetako eskolako teilatua berritzeko 180.000 euroko partida bat sartzea eskatu zuen, eta onartu eginen da ekarpena: «Partida honi esker, teilatua guztiz berrituko dute, gaur egun dituen arazoei aurre egiteko». Azken urteetan eskolan egindako inbertsioei esker, eraikina kanpotik guztiz berritu da. Gaur egun, bertan Arano eta Goizuetako 80 bat neska mutilek ikasten dute, eta 10-12 irakasleek lan egiten dute. Gainera, Aralar Udal Musika eskolak ere bertan eskaintzen ditu bere zerbitzuak.
Legealdia hasi zenean, besteak beste, «despopulazioari aurre egitea eta oinarrizko zerbitzuak mantentzea zen Udalaren helburu nagusia, eta bi inbertsio hauek bide horretan daude, hain zuzen ere. Nafarroako aurrekontuetan Goizuetan inbertsioak egiteko bi partida izatea ez da batere ohikoa, eta gure herriarentzat nahiz herritarrentzat oso garrantzitsua da. Guzti honek erakusten du Nafarroako parlamentuan EH Bildu indartsu bat edukitzeak duen garrantzia», dio Udalak.