Larunbatean ospatuko da XX. Goizuetako azienda, artisau eta nekazari feria

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

Iazko Feriko argazkia, Goizuetako frontoiko postuetan.

Egun osoko egitaraua izango da azaroak 30ean: giza proba, herri bazkaria, elektrotxaranga, kontzertua eta DJak. Garbiketa ere egingo dute, auzolanean.

Larunbatean ospatuko da Goizuetako XX. Azienda, artisau eta nekazari feria. Egun osoko egitaraua prestatu dute goizuetarrek egun honetarako, eta denetarik izango da: giza proba, herri bazkaria, elektrotxaranga, kontzertua eta DJak.

Goizeko 10:00etan hasiko da feria Goizuetan, eta 11:00etan emango diote hasiera eguneko lehen ekintzari: Sega zorrozketa. Sega pikaketan ibiliko dira, erakustaldia egiten. Ekintza amaituta hasiko da goizeko hitzordu haundia: giza proba. Baina ez da edonolako giza proba izango, herritarrak paollako zaldiaren aurka lehiatuko dira. Erabateko kirol ikuskizuna izango dute goizuetarrek.

Halaber, goiz osoan zehar herria postuez eta erritmoz beteta egongo da: herriko talogileak, betizu errea pintxotan edota trikitilariak izango dira kalean. 

Eguerdirako herri bazkaria antolatu dute, eta menuan ere ez dute hutsik egin goizuetarrek. Lehenengo platera bertako babarrunak, bigarrena betizu gisadoa eta bukatzeko postrea. Bazkariko txartelak salgai daude Amaia kafetegian. 4 eta 12 urteko nerabeek 6 euroren truke izango dute tiketa, ikasle eta langabetuek 18 eurotan eta langileek 23 euroren truke. Baserritarren jantzia kalera ateratzeko deia ere zabaldu dute Feria Batzordetik.

Arratsaldeko saioan ez da musikarik faltako, 18:30etan elektrotxaranga izango baita herriko kaleetan zehar. Gauean, Soka taldeak kontzertua eskainiko du, eta gaztetxean Dj Oattolo egongo da remenber gaua egiten, 23:30etatik aurrera. 

 

Garbiketa auzolanean

Feriako egunaren ostean, izanen da zer garbitu eta txukundu herrian, eta horregatik, garbiketa antolatu dute goizuetarrek. «Festa eta jaia herritar desberdinen artean antolatzen den moduan, feri egunaren ondorengo herriko garbiketa, auzolanean egiteko deialdia zabaltzen dugu», azaldu dute. 

Auzolanerako izena eman daiteke udaletxean bertan edota 948514006 telefono zenbakira deituta. Bihar izango da izena emateko azken eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!