Urteroko legez, martxa ederrean bukatuko dute azaroa Goizuetan. Atalen Eguna eta Feri Eguna ospatuko dituzte asteburu honetan eta hurrengoan, eta zenbait kultur jarduera ere izango dira tartean.
Umore Ona Elkarteak antolatutako Atalen Eguna ospatuko dute gaurkoan. Frontoian hasiko dute eguna goizuetarrek, Nafarroako Kirol Jokuetako eta lagunarteko zenbait partidurekin. Herriko pelotari ugarik jokatuko dute bertan.
Norgehiagokak bukatzen direnean, 11:30ak aldera, herriko kaleetara lekualdatuko da festa giroa. Bertatik abiatuko dira abesbatza eta dantzariak, eta Goizuetako kaleetan barrena ibiliko dira kalejiran. Ibilbidea osatzerakoan, Umore Onako atalentzat luntxa jarriko dute elkartean.
Hala ere, gaurko egunean indar pixka bat gorde beharko dute, biharko mendi irteera antolatu baitu Umore Onak. Goizuetako plazatik abiatuko dira 08:00etan, eta ondorengo itzulia egingo dute: Goizueta-Enekolorri-Lizaotza-Tobeneko Borda-Nekuko Hariztia-Artzan-Goizueta. 13,6 kilometroko ibilbidea da, aparteko zailtasunik gabekoa, azaldu dutenez.
Feri Eguna, datorren larunbatean
Hilaren 30ean, datorren larunbatean, hogeigarren Goizuetako Azienda, Artisau eta Nekazari Feria eginen dute. Egun osoko egitaraua prestatu du Feria Batzordeak, eta festa giro ederra izanen da herriko txokoetan.
Feriaz gain, giza proba eta bazkaria izanen dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, elektrotxarangarekin eta kontzertuarekin emanen diote jarraipena festari.
Antolakuntza taldetik jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela trafikoa antolatzeko. Goizeko 09:30etatik arratsaldeko 14:00etara hiru turno bete behar dira, Zerratin, Perone-Motzan eta Eskolako patioan egoteko. Laguntzeko prest daudenek Feria Batzordearekin hitz egin behar dute.
Antzerkia gaur, eta pailazoak asteartean
Gaur arratsaldean, 18:30etan, 'Ez dago kutxarik niretzat' antzezlana eskainiko dute udaletxeko ganbaran. Asteartean, berriz, Porrotx eta Patxo pailazoen emanaldia izanen da, 17:00etan.
ATALEN EGUNA
GAUR
10:00 Pelota partiduak, frontoian.
11:30 Frontoitik bertatik, abesbatza eta dantzariak herriko kaleak alaituz.
13:00 Luntxa Umore Onako atalentzat, elkartean (beheko azokan).
BIHAR
08:00 Mendi irteera, Goizuetatik abiatuta.
XX. GOIZUETAKO AZIENDA, ARTISAU ETA NEKAZARI FERIA
AZAROAK 30, larunbata
10:00 Feriaren hasiera.
11:00 Sega zorrozketa, pikaketa.
12:00 Giza proba: Herritarrak vs Paollaren zaldia
Goizean zehar, herriko talogileak, betizu errea pintxotan, trikitilariak...
14:30 Herri bazkaria:
Bertako babarrunak
Betizu gisadoa
Postrea
18:30 DIZKOBOLO elektrotxaranga.
21:00 Kontzertua: SOKA
ZATOZ BASERRITARREZ JANTZITA!
BAZKARIRAKO TXARTELAK:
Amaian - 948 51 42 42
0-3 urte dohainik
4-12 urte - 6 euro
Ikasle/langabetuak - 18 euro
Langileak - 23 euro