Zehaztasun gutxiko mezu batekin izan zuen proiektu eolikoen aurreneko berria, Goizuetako Udalak: «Enpresa bat jarri zen gurekin harremanetan, esanez proiektu bat egiteko asmoa zuela Goizuetako lurretan, eta bilera bat eskatuz; baina ez ziguten esan non, noiz edo zeinekin egin nahi zuten proiektua. Eskatu genien bilera egin aurretik informazioa bidaltzeko, eta ordutik ez dugu gehiago jakin haiei buruz», azaldu du Unai Miranda alkateak.
FE Energy enpresarekin bai, bi bilera izan dituzte. «Guk eskatuta», argitu du: «Joxan Ruiz Aranoko alkateak aipatu zigun beraiekin egonak zirela, eta uste genuen aurreko enpresa berbera izanen zela, baina itxuraz ez zen hala. Gerora, Urumea Arnastuko beste bilera batean, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ere esan zigun bildu zirela beraiekin. Eta orduan, haiengana jo genuen, proiektuak gure lurrak ikutuko zituela jakinda, informaziorik ez genuelako eta ez zirelako gurekin harremanetan jarri. Berehala deitu ziguten, eta urrian eta azaroan egin dugu bilera bana; azkeneko hori, joan den astean».
Bilera horietan, ordea, ez dute nahi adina informazio jaso: «Dokumenturik ez digute eman, zeukatena emateko eskatu genien arren. Esan digute oso hasierako fase batean dagoela proiektua. Kokapen aldetik, aipatu ziguten gutxi gorabehera non jarri nahiko lituzketen gure mugetan, betiere esanez aldatu zitekeela. Azaldu ziguten Arkaleko azpiestazioan lortu zutela 99 megabatio kudeatzeko eskumena, eta ingurumen aitorpena lortzeko bidean direla orain. Madrildik tramitatuko dela ere bai, bi autonomia erkidego ikutzen dituelako. Baina askoz gehiagorik ez». Joan den asteko bileran, Udalak berriro eskatu zien haize-erroten kokapen zehatza, «eta esan ziguten bidaliko zigutela, baina momentuz ez dugu jaso». Zentzu horretan, alkateak dio «ahoz eta hitzez» esan bai, baina informazio zehatzik ez dietela helarazi, «eta hori botatzen dugu faltan. Gure iritzia eskatu digute, baina horretarako informazio zehatza behar dugu lehenik. Bitartean ez da erraza posizio bat hartzea».
Talde herritar bat sortu da gaiaren inguruan
Alkateak aste honetan bertan, ostegun arratsaldez, egin du beste bilera bat; kasu honetan, herritar talde batekin: «Duela aste pare bat bildu ziren herritarrak gaia lantzeko, Mikel Alvarezek egindako txostenetik abiatuta. Izan ere, kezka sortu da herrian, noski. Eta bilera horren ondoren, talde herritar bat sortu da gaiaren inguruko lanketa egiteko. Ni ostegunean bildu nintzen haiekin, Udalak orain arte daukan informazioa helarazteko».
Horixe izanen da Udalaren aurreneko postura, horrelako proiektu guztien aurrean: «Informazioa herritarren artean zabaltzea eta eztabaidatzea, denei eragiten dien zerbait delako».
Era berean, udalerrien arteko elkarlanari ere heldu dio Unai Mirandak: «Ikusita lau edo bost udalerriri eragiten diela proiektuak, bakoitzak bere aldetik borroka egin baino, uste dugu eraginkorragoa dela udal guztiak elkartu, bakoitzak bere iritzia eman eta, posible bada, postura amankomun bat hartzea».
Informazio bila, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailera ere jo du Goizuetako Udalak, «beraiek ere badutelako zeresana». Azaldu duenez, FE Energy enpresarekin izanda zeuden Ingurumen Sailekoak ere, «beste proiektu bat ere badaukatelako Nafarroan. Baina Urumea bailarako proiektuari buruz ez zuten informazio zehatzik, gure berdintsua». Edonola ere, batak zein besteak jasotako informazioa elkarbanatzeko konpromisoa hartu zuten.
«Denek nahi dugu energia berdea, baina inork ez ditu nahi horrelako azpiegiturak inguruan»
Gaiak «zein norabide hartuko duen eta nora iritsiko den» ez daki Goizuetako alkateak, baina uste du badagoela zer hausnartua energiaren inguruan: «Energiaren premia daukagu berez, eta denek nahi dugu energia garbia edo berdea, baina inork ez ditu horrelako azpiegiturak inguruan izan nahi. Landu beharko dugu herritar guztien artean, eta erabaki non, noiz, nola, zeinekin eta zertarako, baina aurrera begira sortu beharko ditugu. Gutxiago kontsumitu beharko genuke, eta desazkundera jo; baina energia behar dugu, eta pentsatu beharko dugu nola sortu dezakegun hori gure medioekin. Ardura hartu behar dugu, burujabetzari begira. Askotan perspektiba galtzen dugu. Horrelako azpiegiturak planteatzen direnean, aurrena kezka sortzen zaigu beti; baina beste aldea hor dago, energia behar dugula, eta landu behar dugula nola ekoitzi».