«Iazko lesioa ahaztuta dago, eta momentuaz gozatu nahi dut orain»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 00:00

Iker Salaberriak Lau t'erdikoaren final zortzirenetakoa jokatuko du bihar, Unai Lasoren kontra, Bilbon.

Puntako partidua jokatuko du bihar Iker Salaberria Orbegozo goizuetarrak: Unai Lasoren kontra ariko da, Lau t'erdiko Txapel­keta nagusiaren final zortzirenetan, arratsaldeko 17:15etan ha­sita Bilbon. Berarekin hitz egin du Kronikak, partiduaren atarian.

Ez da nolanahiko partidua, bihar jokatuko duzuna...

Unai Lasoren kontrakoa ez da egunero jokatzen den partidu bat. Partidu polita da, eta aldi berean gogorra.

Nola jokatu behar zaio Lasori, irabazteko?

Gauza asko egin behar dira ondo. Oso pilotari konpletoa ikusten dut, zirrikitu gutxikoa. Halakoak izaten dira goi-mailako pilotariak. Ongi sakatu beharko dut, errestatu ere bai, tantoak bukatzen asmatu, defenditu, behar denean erritmoa jarri... Baina hori, beti bezala, teoria izaten da, eta praktikan jartzea da zailena.
 

Aurreko asteburuan Darío Gómez menderatuta, konfiantzarekin iritsiko zara, ezta?

Bai. Sekula ez da gustukoa izaten aurrekanporaketa jokatu be­harra. Partidu bakarrera jokatzen duzu dena, eta posible da txapelketa hasi aurretik kanpoan geratzea. Baina irabazi egin nuen, aurrera atera nuen kanporaketa, eta horrek konfiantza ematen dizu zure buruarengan. Egia esan, partidu horrek lagundu egin dit.
 

Nola sentitu zinen Ezkarain?

Hasieran kosta egin zitzaidan. Tentsio haundiko partidua zen, eta 6-12 galtzen ere izan nintzen. Baina bigarren zatian hobeto jokatu nuen, eta buelta ematea lortu nuen. Partidua orokorrean hartuta, gustura geratu nintzen.

Oso joko maila onean zabiltza lau t'erdian. San Ferminekoan ere, Darío bera eta Aitor Elordi menderatu zenituen, eta Jokin Altuna oso estu hartu.

Asko gustatzen zaidan modalitate bat da lau t'erdikoa. San Ferminekoan oso gustura aritu nintzen. Daríori irabazi nion Barañainen, gero Elordiri Hernanin, eta Altunaren kontra hortxe izan nuen garaipena, Zumarragan. Bu­kaeran egin zidan ihes. Beti sen­titu naiz gustura lau t'erdian.

Zure mailan gorakada nabaritu duzu azkeneko bi urteotan?

Bai, izan liteke. Egunez egun hobetzeko egiten dut lan. Joan den urtean ligaxkara sailkatzea lortu nuen Lau t'erdiko Txapelketan, eta gero bi partidu ezin izan nituen jokatu, eskuko arazoekin ibili nintzelako. Baina bide horretatik segi eta hobetzen jarraitzea espero dut.

Profesionaletan, onenen artean burua sartzea beti dago garesti, baina bete-betean sartu zara modalitate honetan.

Onenekin aritzea ez da inoiz izaten erraza, eta badakit lau t'erdian eta bikoteka aukera gehiago dauzkadala horretarako, frontoi osoan baino. Lehengo urtean oso ondo sentitu nintzen txapelketan, eta pena izan zen horrela bukatzea. Aurten ere ondo aurkitzen naiz; bakarra, bidean aurkari oso gogor bat tokatu zaidala, eta zaila izango dela.

Arantzatxoa geratu zaizu joan den urtekotik?

Bai, arantza beti gelditzen da. Baina tira, bi urte desberdin dira, aurkari desberdinak eta momentu desberdinak. Beti nahi izaten dugu aurrera egin, baina zaila izaten da txapelketetan, aurkari onenak dauzkazulako aurrean. Saiatuko naiz nire onena ematen, eta ikusiko dugu zer lortu dezakedan. Lesioak ere pilotaren parte dira, alderdirik gogorrena. Niri joan den urtean tokatu zitzaidan, txapelketaren erdian. Baina hori dagoeneko ahaztuta dago, urtebete pasa da, eta beste momentu bat da. Orain, momentu honetaz gozatu eta aurrera egin behar dut.

Maila haundiko txapelketa izango da. Pilotari onenen kontrako partiduak, nola kudeatzen dituzu?

Esperientziak ematen dizu gaitasun hori, eta nik ez ditut partiduak kude­atzen duela bost urte debutatu nuenean bezalaxe. Bigarren mailako txapelketetan finalak jokatu ditut, eta final batean izan ezik, gainerakoetan maila ona eman dudala uste dut. Lehenengo mailan aritu naizenean ere, iruditzen zait eman dudala nire maila. Hori bai, izan liteke larunbatean frontoira iritsi, sentsazio onak izan, eta partidua hastean dena aldatu eta kontrarioa nire gainetik pasatzea. Momentu jakin horretan jokatu behar da pilotan. Ondo sentitzen naiz, baina ea zer gertatzen den...
 

Partiduak okertzen direnean, alderdi psikologikoak garrantzia izaten du. Hori ere lantzen duzu, ezta?

Bai, uste dut gaur egun pilotari gehienok egiten dugula lanketa hori. Prestatzaile fisikoa bezala, psikologoak edo coachak izaten ditugu. Ni ere aritu naiz, eta oraindik joaten naiz tarteka. Uste dut laguntzen duela, bai kirolean eta baita bizitzan zehar ere.

Ia bost urte dira debutatu zenuela. Zer nabarmenduko zenuke tarte horretan, aldeko eta kontrako?

Aldekoa, oso azkar joan zaidala denbora, eta hori oso seinale ona izaten da normalean. Kontrakoa iazko lesio hori aipatuko nuke, baina ez naiz horri askorik begiratzekoa. Txarrari ere alde positiboa ateratzen saiatu behar da, eta horretatik ere ikasi egiten da, etorkizunean antzeko egoerak kudeatzeko. Niri ordura arte ez zitzaidan tokatu lesiorik edo arazo fisikorik izatea, eta une horretan tokatu zitzaidan. Norberarentzako luze xamar izaten da, nahi baino denbora gehiago ematen duzulako geldirik. Baina hori ere kudeatzen ikasi behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!