Antzerkiaz gozatzeko aukera izanen dute goizuetarrek, igande honetan: 'Ring' antzezlana eskainiko du Evaren Alabak konpainiak, arratsaldeko 18:30etan hasita, udaletxeko ganbaran.
Umorezko antzezlana da 'Ring', eta bi arazo planteatzen ditu: «Batetik, gure diskurtso feministaren eta gure jokabidearen artean dauzkagun kontraesanak, eta emakumeen gorputzaren gaia, zapalkuntza jasan duena, zahartzaroa, loditasuna eta inperfekzioa baztertzen dituen balio sistema zehatz baten eraginez. Eta bestetik, indarkeria erabili behar ote den portaera matxistak eta bortitzak aldatzeko».
Horietatik abiatuta, antzezlan «bizia, kritikoa eta aktiboa» sortu dute, errebeldiarik eta autokritikarik falta ez duena, «izan ditzakegun oztopo edo autozuzenketen aurrean».