Indartsu ekin dio bere ibilbideari Goizueta 65+ lantaldeak. Adinekoentzako zerbitzuak eta jarduerak eskaintzea izanen du helburu, eta joan den astean egin zuten batzar irekia, lantaldea herritarrei aurkezteko.
Baina, taldea aurkezteaz gainera, aurreneko bi egitasmoen berri ere eman zuten bertan. Urrian jarriko dituzte martxan biak: GoizuKar zerbitzua eta ibilbide osasungarriak jarduera.
Garraio zerbitzua izanen da GoizuKar, baserritik herrira joan-etorriak egiteko. «Baserrian bizi diren herritarren bizi baldintzak hobetzea» da ekimenaren asmoa: «Era horretan, baserritarrak aukera izanen du, herritar talde bolondres bati esker, oinarrizko eginbeharretarako herrira joan-etorria egiteko. Besteak beste, osasun etxera joateko, gizarte zerbitzuetara, bankura, autobusa hartzera, erosketak egitera...».
Zerbitzua aurrera atera dadin, «ezinbestekoa» izanen da herritar talde bat osatzea gidari lanak egiteko. Horretarako, boluntario izateko deia luzatu diete herritarrei. Boluntario taldearen parte izatera animatzen direnek, Goizuetako Udalera (948 51 40 06) deituta eman behar dute izena, eta biharkoa da horretarako azkeneko eguna.
Horren bitartez, adinekoak gizarte bizitzara hurbildu nahi dituzte, isolamendua murriztuz; sustatu nahi dute haien independentzia eta autonomia, eta herritarren arteko boluntariotza eta laguntza komunitarioa; adinekoen gastuak murriztu nahi dituzte; eta kontzientzia eta sentsibilizazioa haunditu.
Ibilbide osasungarriak, bestalde, monitore batek gidatuta eginen dituzten paseoak izanen dira. Hamabostean behin elkartuko dira, goizez, eta bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbideak eginen dituzte. Gainera, hamaiketako txiki batekin bukatuko dute saio bakoitza.
Aipatutako bi ekimenak hilabete honetan zehar jarriko dituzte martxan, eta datozen egunetan emanen dute horiei buruzko informazio zehatza.
Gainera, gogorarazi dute adinekoei zuzendutako jarduera gehiago ere izanen direla herrian, ikasturte honetan. Izan ere, urtero bezala, jubiloteka eskainiko dute Gizarte Zerbitzuek, astearteetan; eta Udalak antolatutako ikastaroetan ere badago haientzako eskaintza. Kirol errezeta ere jarri nahi dute martxan aurten, gihar desberdinak lantzeko ariketekin.