Erabateko etenik ez du izan mendi lasterketen sasoiak, udako oporraldian ere; baina esan liteke orain hasi dela denboraldiaren bigarren zatia. Dagoeneko ekin dio horri Hodei Lujanbio goizuetarrak; baita indartsu ekin ere. Duela bi aste, bigarren sailkatu zen Nafarroa Behereko Suhuskune Trail lasterketan. Eta joan den asteburuan, hirugarren izan zen Idiazabalgo Axari Trailen. Azkeneko hori, gainera, Goierri Kopa Trail txapelketarako puntuagarria zen, eta lidertza sendotu du goizuetarrak.
Bailarako beste hainbat korrikalarik ere hasi dute denboraldiaren bigarren zatia, eta probaz proba arituko dira aurrerantzean. Asteburu honetan, esaterako, hitzordu ugari izango dituzte. Bailaratik gertu, Andoainen jokatuko da Bertxin Xtreme proba berria gaur, Leitzarango 500 eta 1000 eskailera ezagunetan: bi eskailera zatiak igo beharko dituzte erlojupeko proban, eta bien denborak batuko dituzte sailkapena osatzeko.
Nafarroan, berriz, Villatuertako Muskildia Trail eta Agoizko Mendi Lasterketa izango dira; eta Bizkaian, Atxondoko Sorginen Lasterketa eta Gatika Herri Trail izango dira. Errioxan ere ariko dira bailarakoak, Ezkaraiko Picos De La Demanda lasterketa sortan: maratoia, maratoi erdia, gaueko lasterketa...