Amaitu dira, beste urte bastez, Goizuetako Fiestak. Atzo, blusa berdea soinean zutela agurtu zituzten festak goizuetarrek, Peñaren Egun haundian. Askorako eman dute aurtengo Amabirjin Fiestek, eta irudi eta momentu ezin hobeak utzi dituzte. Indarrak errekuperatu eta normaltasunera bueltatzea tokatuko zaie orain. Hala ere, pozik eta harro daude goizuetarrak, festak lasai eta giro alaiean igaro dituztelako. Sentsazio politekin agurtu zituzten atzo, eguna ezin hobe borobiltzea lortu baitzuiten peñek, elkarri heldu eta blai eginda, urtero bezela.
Blusa soinean jantzi eta prest zeuden Peñak goizeko 11:30etarako. Ordu horretan elkartu ziren herriko gazteak eta ez hain gazteak, eta txarangarekin kantuan eta dantzan hasi zuten eguna. Nekea uxatuta, ez zirudien jaien azkeneko eguna zenik ere, gogo izugarriarekin baitzeuden egun haundirako. Eguerdiko 12:00etan pilota partiduak izan ziren, eta ondoren peñen bazkaria. Txarangarekin, dantza eta kantu artean eman zuten eguna. Aurtengoan plazako hondarraren ordez, aparra izan zuten jolaserako osagaia, eta irudi ezin hobeak utzi zituen egunak. Arratsaldean, Lasturko zezenen aurrera atera ziren ausartenak. Gaualdean, dantzaldia egin zuten Laket taldearen eskutik, eta bukaerako ekitaldian zenbaitek aurpegi goibela eduki arren, izan ziren Amabirjin Fiestak hurrengo egunera arte luzatu zituztenak ere, DJ Bullen sintonian. Ez da izan agur bat, hurrengo urtera arte baizik.
Goizuetako Fiestetan bizitakoak gogora ekarri nahi dituenak, ikusgai dauzka argazki albumak eta bideoak, kronika.eus webgunean.