Peñen egun haundia izanen da gaurkoa Goizuetan, jaien bosgarren eta azken egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 18a, 00:00

Irumaita txaranga, atzo goizean, Goizuetako kaleetan barrena. Argazkia: Feliz Loiarte

Azken txanpan sartuko dira gaur goizuetarrak. Denetarik izan da aurtengo Amabirjin Fiestetan, txarangak, pilota, zezenak, kontzertuak... Betizuak ere hurbildu ziren herriko festak ospatzera! Baina, agur esan aurretik, gaurko egunaz gozatuko dute herritarrek.

 

Herriko jaien azken txanpan sartuko dira goizuetarrak. Bada gaurko egunera nekez iritsi denik, baita ostiraleko betizuaren bisitak beldurtu duenik ere: betizu bat azaldu zen txozna gunera, eta denak aztoratu ondoren, oihuka eta korrika, lasai-lasai egin zuen alde bertatik.

Anekdotak anekdota, eta fiesten amaiera gertu dagoela nabari den arren, dena emateko prest daude goizuetarrak. Gaurkoa  Peñaren Eguna izanen da, lagunartean fiestak agurtzeko eguna, eta denetarik izanen da herrian.

Umeen eguna ospatu zuten atzo goizuetarrek. Ekintzaz betetako eguna izan zen, eta zirrara haundiarekin hartu zuten parte herriko txikienek. Igandea txarangak, egunero lez, bere kale bueltak egin zituen herrian barrena. Buruhaundiak eta erraldoiak ere ez ziren atzean gelditu. Puzgarriek eta ur txirristak sekulako arrakasta izan zuten, eta gaueko zezensuzkoak eta ondorengo dantzaldiak, eguna borobiltzea lortu zuten.

 

Herriko dantzariak, ostiraleko emanaldian. Argazkia: Felix Loiarte

Dantzarien emanaldia, ostiralean, Goizuetako plazan. Argazkia: Felix Loiarte

 
 

Gaur, Peñaren Eguna

Peñaren irteerarekin hasiko da gaurko eguna, txarangaren doinuek lagunduta. Eta pilota partiduak izanen dira eguerdian: lau t'erdian ariko dira Etxeberria eta Lizeaga aurrez aurre; eta Goizueta eta Aranoren arteko lehia jokatuko dute gero, Salaberriak eta Apezetxeak Goizuetaren izenean, eta Olaizolak eta Lizeagak Aranorekin. Partiduak bukatu bezain pronto, frontoiko giroa kalera aterako da, Igandea txaranga egongo baita afizionatuen zain kanpoaldean. Egunarekin jarraitu ahal izateko, Peñak elkartu eta bazkaria eginen dute. Arratsaldeari hasiera Lasturko zezenek emanen diote, goizuetarrak, berriz ere, martxan jartzeko. Ondoren, Goittikiren bingoa izanen da, eta jaiei agur esan aurretik, dantzaldia Laket taldearen eskutik. Gauerdiko lehenengo kanpaikadarekin batera, jaien bukaera ekitaldia izanen da, baina honek ez du festa etengo, Igandea txaranga aterako baita ekitaldiaren ondoren. Parrandan jarraitu nahi dutenentzat, DJ Bull izanen da txoznan, azken dantzetarako.

Bestalde, Sagardo Egunean egurrezko erlojua zozketatu zen, eta zenbaki sariduna 301 izan zen. Urnietara joan da saria.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!