Goizuetako Fiesten azkenaurreko eguna da gaurkoa, eta oraindik ere, egurrean jarraitzen dute herritarrek. Umeen Eguna ospatuko dute gaur, eta horretarako, ekintzaz betetako egitarau zabala izanen dute.
Sagardo egunak irudi ederrak utzi zituen atzo. Deskantsurik gabeko eguna izan zen, egitaraua dantza emanaldiz eta txarangaren kale bueltaz jantzita baitzegoen. Igandea txaranga izan zen protagonista, kalean gora eta behera, txoko guztiak alaituz. Gaztetxean, gazteek ere bide berdina hartu zuten, Zurrounk taldearen kontzertuarekin. Hori nahikoa ez, eta izan zen gauerdian Lasturko zezenekin korrika saio batzuk egitera animatu zenik ere, parranda bete-betean.
Gaur, Umeen Eguna
Larunbatarekin tokatu da aurten Umeen Eguna Goizuetan, eta lehenagotik festez gozatzen ari baziren ere, gaurkoa izanen da beraien egun haundia. Goizeko 09:00etan piztuko da giroa herrian, Irumaita txarangak kaleak hartu bezain pronto. 11:00etan Umore Ona Pilota Eskolako umeen partiduak izanen dira, frontoian. Eguerdian, buruhaundien eta erraldoien txanda izanen da, trikitilarien laguntzarekin. Eta bazkaltzera joan aurretik, goizeko azken dantzak, Igandea txarangarekin. 14:00etan eginen dute haur eta gurasoen bazkaria.
Arratsaldeko sorta XIX. Mus Txapelketak irekiko du. Baina haurrek ere izanen dute beraien plana ere, puzgarriekin eta ur txirristarekin, iluntzeko 20:00ak arte. Arratsaldean eginen du eguneko bigarren saioa Igandea txarangak, 19:30etan. Eta ondoren, Goittikiren bingoak jarriko du saltsa. Gauari hasiera emateko, suzko zezena izanen da herriko txikienentzat, eta oraindik gaua luzatzeko indarra dutenentzat, dantzaldia Itzal taldearen eskutik.