Sagardoa, dantza eta zezenak izanen dira protagonista gaurkoan, Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 16a, 00:00

Amabirjina hartuta, prozesioa egin zuten herritarrek atzo goizean, egun seinalatuan. Argazkia: Felix Loiarte

Amabirjin Jaietako hirugarren eguna da Goizuetan, Sagardo Eguna. Festa aurrera doa, eta ez da aspertzeko tarterik, ez eta gerriari deskantsua emateko astirik ere.

Amabirjin Jaietako hirugarren eguna da gaurkoa Goizuetan, eta sagardoa, dantza eta zezenak izanen dira protagonista. Atzoko eguna borobila izan zen, eta gaur Sagardo Egunari heltzeko prest daude goizuetarrak.

Goizean goiz hasi zuten Amabirjin eguna atzo, zezenen aurrean korrika saio batzuk eginez plazan. Umeentzat toka txapelketa eta goxoki banaketa ere izan ziren goizean. Edonola ere, Euskal Herriko festetan huts egiten ez duten bi ekintzak hartu zuten protagonismoa: kirol ikuskizunek eta bertsolariek. Eguerdian, pilota partiduak izan ziren frontoian, eta arratsaldean, berriz, herri kirolak plazan. Giro paregabea sortu zen bietan. Kirolariek bertsolariei eman zieten erreleboa, eta hirukote ezin hobea aritu zen kantuan: Maialen Lujanbio, Xebastian Lizaso eta Xabat Ilarregi. DJ Mikeltxik markatutako erritmoak astindu zituen gizuetarren gerriak gauean.

Gaur, Sagardo Eguna

Goizeko lehenengo orduek deskantsatzeko tartea emanen duten arren, 11:00etarako herriko txikienek hartuko dute jada mar­txa; batzuek ikastolako apar festan, besteek, berriz, toka txapelketan. Gaurko egunean ere, Igandea txarangaren doinuek ez dute etenik izanen, goizean zein arratsaldean herriko kaleak alaitzen ariko baitira, deskantsurik gabe. Eguerdian izanen da eguneko hitzordu nagusia: sagardo dastaketa. Txaranga ere bertan izanen da, eztarriak bustitzeaz gain, gerriak mugitu daitezen. 

Hurrengo orduetan ere, aukera ederra izanen dute goizuetarrek dantzarako. Arratsaldean, herriko dantzarien emanaldiarekin, begira egoteko tartea izanen da; baina segituan hartuko dute erreleboa goizuetarrek, 19:00etan Igandea txarangak berriz hartuko baititu kaleak. 20:00etan Goittikiren bingoa eginen dute, eta gauari hasiera emateko, 21:30etan dantzaldia eskainiko du Iratzar taldeak. Ondoren, 23:00etan Zurrounk taldearen kontzertua izanen da Gaztetxean. Gauerdian izanen da jaietako entzierro bereziena, eta Lasturko zenenen aurrean korrika egiteko aukera izanen dute ausartenek. Eta eguna ondo bukatzeko, Igandea txarangak jarriko du martxa berriro.

Erlazionatuak

Goizuetako Fiestak - Abuztuak 15

Kronika - Erredakzioa 2024 abu 16 Goizueta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!