Festak eztanda egin du Goizuetan!

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 15a, 00:00

Udaletxeko balkoia bete zuen Emakume Taldeak, eta dantzan jarri zituen herritarrak, txupinazoa botatzearekin batera.

Aterrune baten baimenarekin, irrika haundiz hasi zituzten atzo herriko festak, eguerdiko txupinazoarekin, balkoia emakumez beteta. Amabirjin eguna izanen da gaurkoa, eta egitarau borobila izanen dute: goizean goiz diana eta zezenak, meza, pilota partiduak, txaranga... 

Txupinazoak lehertu zuen festa atzo Goizuetako plazan. Aterrune batek lagunduta, primerako hasiera eman zieten Fiestei eguerdian, Emakume Taldeak udaletxeko balkoia bete, suziria bota eta denak dantzan jartzearekin batera, Igandea txarangak markatutako erritmora. Kalejira polita egin zuten adin guztietako herritarrek, plazan barrena eta txoznara bidean. Bertan, omenaldia ere egin zieten txarangako kideei, 20 urtez Goizuetako kaleak alaitzeagatik.

Gazte Eguna ospatu zuten jaien lehen egunean, eta gazteek protagonismo berezia hartu zuten herrian. Pilota Goxoa Txapelketaren finalak jokatu zituzten aurrena, frontoian betiko giro umoretsua piztuta. Buruz buru Aitor Legarretak 16-13 menderatu zuen Xabat Etxegia lehengusua; eta binaka, Jon Zabaleta eta Ekaitz Narbarte goizuetarrak 22-14 nagusitu ziren, Imanol Fagoaga eta Erlaitz Arrieta urnietarren kontra.

Binakako finala irabazi zuen Jon Zabaletak, Ekaitz Narbarterekin batera.
 

Pelotakadek eta txaloek esku­ak berotu ostean, Gazte Bazkaria egin zuten, ikastolan. Arratsaldean, umeen txanda: lehenik jo­koak, eta ondoren, berendua. Peñak ere atera ziren kalera, txarangaren laguntzaz. Gaua gertu­ratzen hasita, gazte txupinazoa egin zuten gaztetxean, eta gauean dantzaldia eta txaranga. 
 

Gaur, Amabirjin eguna

Dultzainaren hotsak esnatuko ditu gaur goizuetarrak, eta dianak kale buelta egin  ostean, Lasturko zezenen entzierroarekin hasiko da eguna. 10:30etan meza nagusia eta prozesioa izanen dira. Jarraian, herriko txikientzat goxoki banaketa, plazan; eta gainerakoentzat, pilota partiduak, frontoian. Alize Sagardui goizuetarra eta Araitz Legarreta aranoarra ariko dira aurrena, Galardiren eta Gomezen kontra. Eta lehenengo mailako afizionatuen partidua izanen da ondoren: Astiz-Alduntzin eta Igoa-Irazustabarrena, aurrez aurre. Eguerdian, buruhaundiak eta erraldoiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, dultzaineroen laguntzaz.

Kirol kontuekin hasiko dute arratsaldea ere, plazan: Iparraldeko jokoetan ariko dira Jon Loiola eta Jon Lapazaran;  eta harrijasotzen Udane Ostolaza eta Lierni Osa. Bigarren hitzordu nagusia bertsolariekin izango da, puntako saioarekin: Maialen Lujanbio, Xebastian Lizaso eta Xabat Illarregi ariko dira kantuan. DJ Mikeltxik izanen du eguna borobiltzeko ardura.

Erlazionatuak

Goizuetako Fiesten hasiera

Kronika - Erredakzioa 2024 abu 14 Goizueta

Goizuetako Fiestak - Abuztuak 14

Kronika - Erredakzioa 2024 abu 15 Goizueta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!