Kirol ekitaldiek betidanik izan dute lotura estua Goizuetako Fiestekin, eta esku pelotak zer esanik ez. Aurtengo egitarauan ere jaialdi ugari antolatu dituzte, maila ezberdinetako inguruko pilotariek bertan jokatu dezaten.
Gaur eguerdiko 12:30etan hasiko da Gazte Eguneko binakako txapelketaren final haundia. Ligaxkako partiduak eta finalerdiak jokatu ondoren, Ekaitz Narbarte-Jon Zabaleta eta Imanol Fagoaga-Erlaitz Arrieta bikoteak sailkatu dira gaurko partidura. Giro ederra sortuko da frontoian, eta norgehiagoka amaitzean Gazte Bazkaria eginen dute Ikastolan.
Amabirjin egunean ere ez da pilota partidurik faltako. Eguerdiko 12:00etan hasiko da jaialdia nesken binakako partiduarekin; Umore Onako Alize Sagardui goizuetarra eta Araitz Legarreta aranoarra Galardiren eta Gomezen aurka arituko dira. Bigarren partidua lehenengo mailako afizionatuena izango da; Astiz-Alduntzin bikotea Igoa-Irazustabarrena bikotearen kontra.
Etzi atsedenaldi txiki bat izanen du pilotazaleak, eta larunbatean itzuliko dira pilotariak frontoira. Goizeko 11:00etan jarri dute abuztuaren 17ko hitzordua, eta Umore Ona Pilota Eskolako gaztetxoak arituko dira bertan. Umeen Eguneko jarduera izanen da.
Azkenik, Peñan eguneko partiduak izanen dira igandean. Lau t'erdiko partiduan Xabier Apaolaza hernaniarra eta Eñaut Lizeaga astigartarra arituko dira nor baino nor gehiago. Bigarrenean, berriz, Goizueta-Arano desafioa eginen dute: Xabier Salaberria hernaniarrak eta Antton Apezetxea goizuetarrak osatuko dute etxeko bikotea, eta Egoitz Olaizolak eta Markel Lizeaga hernaniarrak Aranokoa.