Gaur hasiko dira goizuetarrentzat hain bereziak diren Amabirjin Fiestak. Asteazkenetik igandera bitarte, bost egunez, festa giroan murgilduko dira herritarrak. Aurten, suziria jaurtitzeko ardura herriko Emakume Taldeak izango du. Txupinazoa botatzearekin batera lehertuko da festa Goizuetako plazan. Bost egun hauetarako askotariko jarduerak antolatu ditu Festa Batzordeak: txarangak, kontzertuak, dantzaldiak, bazkariak eta afariak, pilota partiduak, herri kirolak, bertso-saioak, txapelketak, zezenak, puzgarriak...
Mezu argia helarazi dute festen antolakuntzan parte hartu dutenek: «Adin guztientzako ikuskizun eta ekimenak izanen dira, eta mundu guztia dago gonbidatuta, bai goizuetarrak, baita bisitariak ere». Adin guztietako herritarrek hartu dute parte egitarauaren prestaketan: Udalak, Guraso Elkarteak, Presoen aldeko gestorak, Gazteek, Umore Ona Elkarteak, Goittikik, tabernariek eta beste zenbait herritarrek.
Egun hauetan gozatzeko deia zabaldu du Udalak, beti ere kontsumo arduratsua eginez eta jarrera parekideaz: «Gaua eta parranda guztionak dira; hortaz, goza dezagun errespetuan». Hala izango ez balitz, erasoei aurre egiteko protokoloa martxan dagoela gogorarazi du.
Emakume Taldea protagonista txupinazoan
Festa lehertzeko ardura herriko Emakume Taldeak edukiko du gaur, eguerdiko 12:00etan. Festa lehertu eta berehala abiatuko dira buruhaundi eta erraldoiak herriko kaleetan zehar, txarangaren laguntzaz. Jarraian, Pilota Goxoa Txapelketaren finalak emango dio hasiera egitarauari, eta 12:30etan irekiko dira txoznak. Ondoren, gazteentzat hain garrantzitsua den hitzordua, gazte bazkaria. Bertan, sabelak bete eta motorrak berotuko dituzte gazteek, arratsaldeko hitzordu nagusirako: gazte txupinazoa, 20:00etan Gaztetxean. Arratsaldean zehar, herriko txikienek ere hasiera emango diete jaiei, beraien moduan. 17:00etan jokoak izanen dituzte, eta 18:30etan berendua. Ondoren, Peña irteera izanen da, Igandea txarangaren laguntzaz. Betiko ohitura mantenduz, zuri-gorriz eta blusa berdearekin elkartuko dira peñak. 20:15etan Goittikiren aldeko bingoa eginen dute. Gauean, gerriak astintzeko tartea izanen da: 23:30etan dantzaldia Gabezin taldearekin, eta ondoren, Igandea txaranga herriko kaleetan zehar.
Dultzaineroen soinuak esnatuko ditu bihar, Amabirjinaren egunean, goizuetarrak. Oheratu ere egingo ditu beste hainbat, goizeko 07:00etako dianak. 08:00etan entzierroa izanen da, Lasturko zezenekin, eta jarraian, beste egun batez, ekintzaz betetako egitarauarekin jarraituko dute; tartean meza, umeentzako toka txapelketa, buruhaundiak... Pilota partiduak ere izango dira protagonista bihar, 12:00etan hasita. Nesketan, Sagardui-Legarreta eta Galardi-Gomez aurrez aurre. Lehen mailako afizionatuetan, berriz, Astiz-Alduntzin eta Igoa-Irazustabarrena. Herri kirolak ikusteko aukera ere izanen da, arratsaldeko 17:30etan plazan. Urteroko bertso saioa 19:00etan eginen dute, Maialen Lujanbio, Xebastian Lizaso eta Xabat Ilarregirekin. Gauean, DJ Mikeltxirekin jarraituko du festak.
Etzi, abuztuak 16, Sagardo eguna izanen da. Egunean zehar, sagardo dastaketa, txaranga eta dantzaldiak izanen dira, eta gauari hasiera emateko, Zurrounk taldearen kontzertua Gaztetxean. Gauerdian, Lasturko zezenak, herriko plazan.
Larunbatean, abuztuak 17, Umeen eguna ospatuko da. Haur eta gazteentzat ekintzaz beteko da eguna; hala nola, Umore Ona Pilota Eskolako umeen partiduak, buruhaundiak, haur eta gurasoen bazkaria, mus txapelketa eta suzko zezena. Gauean, 23:30etan, dantzaldia Itzal taldearen eskutik.
Eta azken eguna, abuztuaren 18a, Peñen eguna izanen da. Bazkaria eta kalejira antolatu dute egun honetarako. Goizean pilota partiduak eta arratsaldean zezenak ere izanen dira. Azken gauerako, txaranga eta DJ Bull, gaueko ordu txikiak arte.
Autobus zerbitzua, martxan
Jende mordoa hurbildu ohi da Goizuetako Fiestetara, eta aurten ere, ohiko autobus-zerbitzuaz gain, zerbitzu berezia ere izanen da. Goizuetatik eta Hernanitik egunero izanen dira irteerak. Gaurkoan, goizeko 09:00etan eta 15:00etan izanen dira irteerak Goizuetako Belako tailerretik. Hernanitik, berriz, 12:00etan, 19:00etan eta 19:30etan irtengo dira autobusak; lehenengo biak Txirrita kaletik, eta hirugarrena Zinkoeneako kioskotik. Bihar, goizeko 06:30etan eta eguerdiko 12:00etan abiatuko da Goizuetatik, eta Hernanitik irteera bakarra izanen du, goizeko 11:00etan. Ondoko taulan ikusi daitezke, gaurtik igandera bitarte izanen diren autobus zerbitzuak. Antolatzaileek aurreratu dute, eserleku guztiak bete arte igo ahal izango dela jendea autobusera. Ezin izanen da aurrez txartelik erosi.