Emakume Taldearen eskutik lehertuko da bost eguneko festa bihar, Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 13a, 00:00

Goizuetako erraldoiak dantzan, Igandea txarangaren erritmora.

Bost egunez ospatuko dituzte Goizuetako Fiestak, igandera bitarte. Denetik izanen du Gazte Egunak, jaiei hasiera emateko: Pilota Goxoaren Txapelketaren finala, Gazte Bazkaria, haurrentzako jokuak, Gabezinekin dantzaldia...

 

Begibistakoa da jai giroa lehertzear dela Goizuetan, dena prest baitago biharko txupinazorako. Emakume Taldeak izanen du Goizuetako Fiestei hasiera emateko ardura, udaletxeko balkoitik, bihar eguerdian. Eta hortik aurrera, musika, umorea eta zalaparta koloretsua izanen dira protagonista herriko txoko guztietan, igandera bitarte.

Bete-betea dator Gazte Eguna bihar, eta Fiestetako egun bakoitzak izanen ditu bere berezitasunak: Amabirjin Egunez, pelota partiduak, herri kirolak eta bertsolariak izanen dira etzi; Sagardo Eguna ospatuko dute ostiralean, ohiko dastaketarekin; etxeko txikienak izanen dira protagonista larunbatean, Umeen Egunez; eta Peñaren Egunarekin borobilduko dituzte Fiestak igandean. 

Bazkariek ere izanen dute protagonismo berezia jaietan. Bihar bertan, Gazte Bazkaria eginen dute Ikastolan, baina txartelak aldez aurretik erosi behar ziren, joan den ostiralera arte. Gazte Eguneko kamixetak, berriz, gaur eta bihar eskuratu daitezke: Ikastolako tabernan gaur, 19:00etan; eta frontoian bihar, 12:30etan.

Umeen Egunean ere, Ikastolako tabernan eginen dute bazkaria, Guraso Elkarteak antolatuta: haurrek 14:00etan (makarroiak, oilasko petxuga saltsan eta izozkia), eta helduek 15:00etan (zizka-mizkak, oilasko petxuga saltsan, postrea, kafea eta kopa). Txartelak Amaia kafetegian eskuratu daitezke bihar arte: haurrenak 10 euroan, eta helduenak 16 euroan.

Eta igandean, azkenik, Pe­ña­ren bazkaria eginen dute, Umo­re Ona Elkarteak antolatuta. Horretarako, gaurkoa da txartelak erosteko azkeneko eguna: Amaia kafetegian, 30 euroan. Menua honakoa izanen da: urdaiazpikoa, langostinoak, arraia, solomilloa eta tarta.

 

EGITARAUA

Bihar, Gazte Eguna

12:00, Txupinazoa, Emakume Taldearen eskutik, udaletxeko balkoitik. Segidan, erraldoi eta buruhaundiak, txarangarekin.

12:30, Pilota Goxoa Txapelketaren finala.

12:30, Txoznaren irekiera.

14:30, Gazte Bazkaria,
Ikastolan. Ondoren, gazte jolasak tabernetan.

17:00, Haurrentzako jokuak.

18:30, Haurrentzat berendua.

18:30, Peñaren irteera, Igandea txarangarekin. 

20:00, Gazte Txupinazoa,
Gaztetxean.

20:15, Goittikiren Bingoa.

23:30, Gabezinekin erromeria.

Ondoren, Igandea txaranga.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!