Dagoeneko salgai daude Goizuetako Fiestetako hiru bazkarietarako txartelak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 4a, 00:00

Abuztuaren 14an izango da Gazte Eguna, 17an Umeen Eguna eta 18an Peñan Eguna. Hiru bazkarietarako txartelak salgai daude Amaia Kafetegian, eta festak hasi baino pare bat egun lehenago kenduko dituzte bertatik. 

Atzerakontua hasi dute goizuetarrek. Hamar egun exkax geratzen dira herriko jaiak hasteko, eta giroan nabaritzen da egun bereziak iristear direla. Aste honetan argitaratu du Goizuetako Udalak eragileekin batera prestatutako programa, eta badira festak iritsi aurretik kontuan hartu beharrekoak: hiru herri bazkari izango dira aurtengo fiestetan ere, eta horietarako txartelak dagoeneko salgai jarri dituzte Amaia Kafetegian.

Fiestak hastearekin batera, abuztuaren 14an, Gazte Eguna ospatuko dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute herriko gazteek, eta 21 euro ordaindu behar dira bazkariko txartela hartzeko. Jatekoaz gain, kamixeta ere eskuratzeko aukera izango da txartel horrekin, eta horiek jasotzeko bi aukera dauzkate goizuetarrek: abuztuaren 13an, arratsaldeko 19:00etan, Ikastolako tabernan; eta abuztuaren 14an, eguerdiko 12:30etan, frontoian.

Ordena jarraituta, Umeen Eguneko bazkaria izango da hurrengoa. Larunbatean ospatuko dute herriko txikienen eguna, eta Ikastolako tabernan antolatu dute urteroko bazkaria. 14:00etan hasiko da txikien bazkaria eta 15:00etan gurasoek hartuko dute lekukoa. Txartelak abuztuaren 14ra arte egongo dira salgai.

Azkenik, fiestak ondo amaitzeko, Peñan Eguna ospatuko dute abuztuaren 18an. Menu paregabeaz gozatzeko aukera izango da bazkarian, nahiz eta hegan ibiliko diren jaki asko. Txartelak 30 euroren truke erosteko aukera dago, abuztuaren 13ra arte.

Hiru turno falta dira betetzeko Ikastolako txosnan

Aurten ere Ikastolan jarriko dute txosna, eta txanden zerrenda gehiena betetzea lortu duten arren, zenbait tarte geratzen dira oraindik hartzeko.

Ondorengo turnoak dira inork hartu ez dituenak: abuztuaren 16a, ostirala, goizaldeko 03:00etatik 07:00etara (2 lagun behar dira); abuztuaren 17a, larunbata, goizaldeko 03:00etatik 07:00etara (5 lagun behar dira); eta abuztuaren 18a, igandea, arratsaldeko 19:00etatik gaueko 23:00etara (2 lagun behar dira).

Lan egiteko prest daudenek 616 62 44 93 (Ainhoa) telefono zenbakira idatzi behar dute. «Denon aldetik pixka bat jarriz gero, askoz hobeto moldatuko garelako. Gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten».

Haurren marrazkien erakusketa, ikusgai

Festetako programa herriko gaztetxoek egindako marrazkiekin edertu du Goizuetako Udalak, bakoitzaren sormena eta festen ikuspuntua islatuta. Sei marrazki jarri egitarauan, eta jasotako marrazki guztiekin erakusketa bat prestatu dute Goizuetako Labaderoan. Abuztuaren 12ra arte egongo dira bertan ikusgai.

 

GAZTE EGUNA

ABUZTUAK 14

12:30 Pilota goxoa txapelketaren finala.

14:30 Gazte bazkaria ikastolan.

Ondoren gazte jolasak tabernetan.

18:30 Igandea txaranga.

20:00 Gazte txupinazoa Gaztetxean.

23:30 Gabezin erromeria plazan.

Ondoren Igandea txaranga.

Bazkariko menua: paella mixtoa eta beganoa.

Txartelak Amaia Kafetegian salgai, 21 euroren truke.

Kamixetak hartzeko datak: abuztuak 13, 19:00etan ikasolako tabernan, eta abuztuak 14, 12:30etan frontoian.

 

UMEEN EGUNA

ABUZTUAK 17

14:00 Umeen bazkaria (10€):

- Makarroiak
- Oilasko petxuga saltsan
- Izozkia

15:00 Helduen bazkaria (16€):

- Zizka mizkak
- Oilasko petxuga saltsan
- Kafea eta postrea
- Kopa

Bazkariak ikastolako tabenan izango dira.

Txartela Amaia Kafetegian daude salgai, eta erosteko azken eguna abuztuaren 14a izango da.

 

PEÑAN EGUNA

ABUZTUAK 18

14:30 Bazkaria (30€):

- Urdaizapikoa
- Langostinoak
- Arraia
- Solomillua
- Tarta

Txartelak salgai daude Amaia Kafetegian. Erosteko azken eguna abuztuaren 13a da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!