Udan ohikoak izaten dira mendi irteerak, egun pasak eta ibilaldi laburrak, eta Goizueta inguruan gisa horretako jarduerak egiteko ondo prestatu dute ingurua.
Herriko turismo taldeak, Arainburu mendi taldeko kideekin elkarlanean, mendiko ibilbideetako seinalizazioa txukundu eta margotu du, irteerak segurtasunez eta lasai egin ahal izateko.
Horrez gain, bertako lurretan egin daitezkeen ibilaldien triptikoa eguneratu dute, zailtasunaren eta eremuaren arabera antolatuta. Ibilbide oso errazak, errazak, ertainak eta megalitikoak bereizi dituzte, eta bakoitzari buruzko informazio zehatza jarri dute eskuragarri.
Horrez gain, paisaietan topatu daitekeenari eta bertako biodibertsitateari buruzko aipamen labur batzuk ere egin dituzte triptikoan, ibilaldietan kontuan izan beharrekoekin.