Aste honetan argitaratu du Mintzolak ikerketa lan monografikoen sariaren ebazpena, eta Oihana Lujanbio Begiristain irakasle eta ikerlari goizuetarra izan da irabazlea. Lujanbiok Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa egingo du datozen hilabeteetan, eta bide horretan lagungarri izango zaio Mintzolatik jasotako 3.000 euroko dirulaguntza.
Euskeraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa lan monografikoak sustatzea da Mintzolaren helburua, eta horretan arituko da ikerlari goizuetarra hemendik 2025eko otsailaren 28ra arte: «Datozen hilabeteetan ikergai izango ditu Goizuetako noka formak zabaltzeko bideak; praktikak sustatuko ditu, eta aztertuko du horiek eraginik baduten erabileran; helburu izango ditu nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea; azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun taldeen praktika onak ere bilduko ditu», azaldu dute Mintzolatik.
Urteak daramatza Lujanbiok euskerari buruzko ikerketak argitaratzen, horietako asko Goizuetako euskerari lotutakoak.