Herri afaria eta sua, urteroko plana Karmen bezpera ondo ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 14a, 00:00

Herritarrak elkarrekin afaltzen, iazko Karmen bezperan. Argazkia: Felix Loiarte

Plazan elkartuko dira goizuetarrak bihar gauean, Umore Ona elkarteak antolatuta.

Urteroko ohiturari eutsiz, herriko plazan elkartuko dira goizuetarrak, bihar gauean. Karmen egunaren bezpera da, eta ohiko planarekin ospatuko dute: herri afaria eginen dute aurrena, eta sua piztuko dute ondoren.

Umore Ona elkarteak antolatu du festa, Goizuetako Udalaren eta Ikastola Batzordearen laguntzarekin. Norberak etxetik eramandakoarekin eginen dute afaria, familian zein lagunartean elkartuta eta prestatutako janaria konpartituta. Elkarteak berak jarriko ditu sagardoa eta ardoa, eta baita afaltzeko beharrezko materiala ere: mahaiak eta aulkiak, platerak, kubierto­ak, edalontziak eta serbilletak.

Gaueko 21:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua plazan, afaria hasteko. Eguraldi txarra eginen balu, elkartearen barruan afalduko lukete.

Sua, berriz, 22:30etan piztuko dute plazan, eta arbiaren zuztarrak erreko dituzte, garai batean Goizuetako baserri eta etxeen atarietan egiten zuten bezalaxe. Eta nola ez, suaren gainetik saltoka arituko dira herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!