65 urtetik gorakoen bizi kalitatea hobetzeko, talde berria martxan Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 13a, 00:00

Goizueta 65+ taldea jarri du martxan Udalak, eta dirulaguntza jasoko du Nafarroako Gobernutik, taldea dinamizatzeko eta laguntza eskaintzeko.

Jomugan hartu du Goizuetako Udalak, 65 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, ekintza plan bat dauka esku artean, eta hori aurrera eramateko, Goizueta 65+ lantaldea jarri du martxan, «interesatuen inplikazioa eta iritzia jasotzea ezinbestekoa» dela iritzita.

Duela bi urtetik dator egitasmoa. 2022an azterketa bat abiatu zuen Nafarroako Gobernuko toki administrazioko sailak, jakiteko zein den 65 urtetik gorako biztanleen egoera landa eremuan; eta proiektu horretan parte hartzeko aukera eskaini zion Goizuetako Udalari. Baiezkoa eman zion Udalak, kontuan hartuta «biztanleriaren herena» direla 65 urtetik gorakoak herrian.

Solera Rural enpresak egin zuen azterketa hori, eta hiru hilabeteko lanaren ondoren, Goizuetako Udalaren esku jarri zituen diagnostiko bat eta hurrengo urteetan burutzeko ekintza plan bat.

Horiexek izanen dira adinekoen bizi kalitatea hobetzeko tresna nagusiak: ekintza plana bera, eta hori garatzeko sortu duten Goizueta 65+ lantaldea.

Hasieran, Solera Rural enpresaren laguntza izango du lantalde horrek, bilerak dinamizatzeko eta ekintzak martxan jartzen laguntzeko. Izan ere, 7.079,44 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak Nafarroako Gobernutik, 'Pertsona helduen ituna' proiektua aurkeztu baitzuen herritarren partehartzea sustatzera bideratutako dirulaguntza deialdira.

Perfil ezberdinetako kideek osatutako lantaldea, eta bilerak hilean behin

Udalak azaldu duenez, perfil ezberdinetako kideak daude lantalde horretan: profesionalki horien inguruan lan egiten duten pertsonak, osasun etxeko langileak, gizarte zerbitzuetako langileak, udal ordezkariak eta, noski, 65 urtetik gorako herritarrak.

Maiatzaren 9an egin zuten aurreneko bilera, eta urrira bitartean, hilean behin eginen du­te bilera bana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!