Festa ederra izanen da larunbatean Goizuetan, Talo Egunarekin eta Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 5a, 00:00

Hainbat talogile lanean, aurreko azoka batean.

Herriko talogintza tradizioa gogora ekarriko dute, jarduera eta erakustaldi ugarirekin; eta azoka ere izanen da goizean, 24 posturekin.

Egun haundia izanen da larunbat honetakoa, Goizuetan. Jardunaldi polita prestatu dute, festa giroan, bi hitzordu berezi elkartuta: Talo Eguna ospatuko dute herrian, eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria ere paratuko dute.

Jarduera eta erakustaldi ugarirekin ekarriko dute gogora herriko talogintza tradizioa. Goizean zehar, talo postuak izanen dira, eta baita erakustaldi ugari ere: taloaren eta artoaren inguruko historiarena eta tresenena; artoa kerkeiltzen (aletzen, goizuetarrez) ikustekoa; eta arto opila nola egiten den erakustekoa eguerdian.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako talo tailerra eginen dute Umore Ona elkartean, 16:00etan hasita. Horretarako, bihar arte eman daiteke izena, Zubiondon.

Mendialdeko 24 ekoizleren postuak azokan, goizean

Talogileek jarritakoez gain, beste hainbat postu ere izanen dira goizean. 11:00etatik 14:30etara paratuko dute Mendialdeko Azoka Ibiltaria, eta eskualdeko 24 ekoizle eta artisauren postuak bisitatzeko aukera izanen dute herritarrek, mota guztietako produktuekin eta artisau lanekin: betizu haragia, hestebeteak, eztia, propolioa, barazkiak, ahuntz gazta, arrautzak, mermeladak, pateak, garagardoa, olioa, pitxiak, ukenduak, margolanak, zapatak, kosmetika naturala...

Aurten, Mendialdeko Azokaren egonaldi guztiekin bat eginez, jarduera eta ekitaldi bereziak izanen dira; eta talogintza da goizuetarrek proposatu dutena, herrian oraindik oso errotuta dagoela eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!