Iruña-Veleiaren inguruko hitzaldia, larunbatean udaletxeko ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 4a, 00:00

Josetxo Mendia Azurmendi nekazaria eta historialaria da.

Josetxo Mendia Azurmendi arituko da aztarnategiari buruz arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

 

Iruña-Veleia aztarnategiaren gaineko hitzaldia eskainiko du Josetxo Mendia Azurmendik (Beasain 1966), ekainaren 8an, larunbata arratsaldeko 17:00etan Goizuetan udaletxeko ganbaran. Auziaz ere mintzatuko da. Gaia sakontzeko aukera ederra izanen dute goizuetarrek, irekia baita denentzat. Mendia Azurmendi gaian aditua da eta hilero antolatzen ditu doako bisita gidatuak Iruña-Veleiara. 

Hitzaldian zehar hainbat gai jorratuko ditu Mendiak; «auzi judiziala, gauden egoerari buruzko gure irakurketa, grafitoak benetakoak diren ala ez behingoz argitzeko ze proposatzen dugun, eta aztarnategiaren historia argitzen saiatzen gara, betiere Euskal Herriko historian txertatuta».

Iruña-Veleia Burdin Aroko aurkikuntza haundienetako bat da eta erromatarren garaiko haundiena.

120 hektareako hiri bat zen I. eta II. mendeetan, 10.000 bat biztanlekoa. Penintsula iparreko hirugarren jendetsuena. III. eta IV. mendeetan gainbehera etorri zen, eta hamaika hektareatara txikitu. «Ibilbide historiaz eta orduko egoera sozioekonomikoez ere jardungo dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!