Bolada ona etetetik urrun, sasoi puntu gozo-gozoan jarraitzen du Hodei Lujanbio goizuetarrak, eta beste garaipen bat lortu du asteburuan: Segura-Zerain Mendi Lasterketa irabazi zuen larunbatean, 25 kilometrokoa. 2:19:53 denborarekin nagusitu zen Lujanbio, alde haundiarekin, Asier Rajado andoaindarraren (2:25:12) eta Piero Ochoa urruñarraren (2:35:22) aurretik. Garaipen horrekin, gainera, Goierri Kopako lidertza sendotu du goizuetarrak.
Bailarako beste hiru korrikalari ere aritu ziren proba horretan. Elkarrekin osatu zuten Joseba Bastarrarena eta Asier Zabala astigartarrek (3:20:39), 36garren eta 37garren helmugaratuta; eta 50garren izan zen Antonio Luis Sánchez hernaniarra (3:36:54). Julen Zuaznabar astigartarrak 14,5 kilometroko proba osatu zuen, 56garren (1:36:29).
Ander Amonarriz 12garren, Euskadiko Txapelketan
Beste hainbat, berriz, Kanpezu-Ioar mendi lasterketan aritu ziren Araban, Euskadiko Txapelketa jokoan zegoela. Ander Amonarriz hernaniarra izan zen bailarako onena, lasterketa bikaina osatu eta 12garren helmugaratuta, 2:39:36 denborarekin. Xabat Pagola ereñotzuarra ere ederki aritu zen, 22garren, 2:52:17 denborarekin. Xabat Alonso (2:58:10) eta Jon Ander Olazabal (3:00:04) hernaniarrak 33garren eta 38garren izan ziren, hurrenez hurren.
Eta Bizkaian ere aritu da urumearrik, asteburu honetan. Izan ere, Ubidestroi mendi lasterketa jokatu zen larunbatean Ubiden, 28 kilometrokoa; eta bertan izan zen Cristóbal Hernández goizuetarra. 4:12:21 denboran osatu zuen ibilbide gogorra, 84garren.