Navarra Music Commission eta Mondosonoro musika aldizkariaren artean, Nafarroa osoan altan dauden 700 talde baino gehiagoren artetik, hiru proposamen aukeratu ziren Madrilgo Sala El Sol areto ezagunan kontzertu berezi bat emateko Navarra Music Export ekitaldian, eta hiru proposamenetako bat Rig3l goizuetarra izan zen.
«Nafarroako musika aniztasunaren erakusgarri gisa, Andrea Santiago, Fyra eta ni Rig3l joan ginen», dio Yoni Salaberriak. Kontzertuari amaiera emateko Inazio artista ere han egon zen. Ekitaldiak, interes haundia piztu zuen eta musika industriako perfil garrantzitsu mordoa egon ziren bertan. Tartean, Sony edota Warner discografietako edota managment agentzia ezberdinetako pertsonalitateak egon ziren.
Umorea ez du inoiz galtzen Yoni Salaberriak: «Kontzertua oso gustora eman genuen, hasiera batean pixkat nerbioso egia esan. Denbora daramat eskoba bat eramaten dudala kontzertuetara pie de mikro gisa, eta han egon ziren medio guztiek horretaz ere jardun ziren. Eskoba ni baino famosoago egin da bi egunetan antza».
Rig3lek, Xarrieta abeslaria eta Sensi Beats DJ eta produktorea gonbidatu zituen. «Oso erlazio ona dugu elkarrekin eta poliki poliki, gure harremanak estutzen goaz kontzertu bakoitzeko. Etxean bezala sentituz aritu ginen lanean eta egia esan, publikoak sentitu zuela esan dezaket. Gure kasuan, Madrilen euskeraz abestea kontrako faktoretzat jo zezaken agian norbaitek, baina guztiz kontrakoa pasa zen. Hitzetatik at dagoen magia horrek, publikoa estu lotu zuen gugana eta egia esan, ezin dugu poz gehiago sentitu».