'Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak' liburua aurkeztuko dute larunbat honetan, ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 22a, 00:00

Jende asko gerturatu zen 'Jose Ramon Minondoren gutunak' liburuaren aurkezpenera, 2021eko azaroan. Argazkia: Felix Loiarte

Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Patxi Salaberrik, Juan Jose Zubirik eta Iker Salaberrik idatzitako liburua aurkezteko.

Duela bi mende pasatxoko Aranora eta Goizuetara eginen dute atzera, larunbat honetan, Goizuetako udaletxeko ganbaran. Izan ere, 'Ignazio Bergara goizu­etarraren gutunak' liburua aurkeztuko dute bertan, 11:00etan hasita. Patxi Salaberri Zaratiegik, Juan Jose Zubiri Luxanbiok eta Iker Salaberri Izkok osatu dute liburua, eta joan den abenduan argitaratu zuten, Euskaltzaindiaren eskutik, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Olagizona izan zen Ignazio Bergara, Arranbiden eta Artikutzako Elaman; eta berak 1787 eta 1811 urteen artean idatzitako izkribuak bildu eta aztertu dituzte liburu honetan. Ez da hiru egileek egin duten mota honetako aurreneko lanketa. Duela hiru urte, 2021ean, 'Jose Ramon Minondo goizuetarraren gutunak' liburua argitaratu zuten, Minondok Oiartzungo Olaberrian 1790 eta 1807 urteen artean idatzitako gutunei buruz. Liburu hori ere aurkeztu zuten ganbaran, eta jende asko bertaratu zen Patxi Salaberriren eta Juan Jose Zubiriren azalpenak entzutera.

Argitalpen hartan erabilitako estruktura beretsua jarraitu dute aztertzaileek, Ignazio Bergararenean ere, eta bi liburukitan argitaratu dute. Aurrenekoan, 'Edizioa' izenekoan, aztertu dituzte izkribuetan aurkitutako alderdi guztiak: Bergararen idazteko modua, hizkiak, hitz elkartu eta bereziak, puntuazioa, laburdurak... Testu horien transkripzioa egungo grafiara egokitzen saiatu dira, egungo irakurlea kontuan hartuz, baina originalak bere horretan irakurtzeko aukera ere badago, edizioari gehitu dioten USB txartelaren bidez.

Bigarren liburukian, 'Hizkun­tza azterketa' izenekoan, hainbat berezitasun gehitu dituzte. Besteak beste, Minondoren eta Bergararen izkribuen arteko konparaketa egin dute, eta bi olagizonen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak azaldu dituzte 'I.B. eta J.R.M.ren hiztegien alderaketa' izeneko atalean, modu praktikoan.

456 orrialde dauzka 'Edizioa' liburukiak, eta 324 orrialde 'Hizkuntza azterketa' izenekoak. USB txartela ere gehituta, liburua salgai dago Euskaltzaindiaren webgunean (euskaltzaindia.eus), eta baita liburu dendetan ere, 25 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!