Korrika kulturalak Goizueta zipriztinduko du, martxoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 00:00

2022ko Goizuetako Korrika 'ttikia'. Argazkia: Felix Loiarte.

Korrikarako girotzen hasteko Korrika kulturala eginen dute Goizuetan ere, martxoaren 2tik 19ra bitartean.

Korrikarako hilabete «exkax» falta dela gogoratu du Goizuetako Korrika batzordeak. Hala ere, Korrika kulturalaren egitaraua aurkeztu aurretik, goizuetarrak zoriondu dituzte erositako kilometro kopuruagatik: «guztira 29 kilometro erosi ditugu goizuetarren eta aranoarren artean, eta ondorioz, 800 metroko ibilbidea gauzatuko dugu. Arrunt 'Harro' gaude zuetaz!». Antolatzaileek dagoeneko egina dute kilometro banaketa, eta ondorengo estekan dago ikusgai: https://acesse.one/rL3oG.

Horrez gain, motorrak berotzen hasteko asmoz, Goizuetan ere Korrika kulturala antolatu dute martxorako. Ekintza mordoa antolatu dituzte martxoaren 2tik 19ra, eta aurrenengo hitzordua izanen dute goizuetar txikiek. Izan ere, martxoaren 2an, Zapotxin pailazoaren bisita izanen dute, arratsaldeko 17:30etan Goizuetako Ganbaran. Hurrengo egunean, 'Bizkarsoro' filma proiektatuko dute Ganbaran, arratsaldeko 18:00etan hasita. Hilaren 9an, hitzordu garrantzitsua dute goizuetarrek eta aranoarrek, izan ere,  Aranon 'Korrika festa' antolatu dute; tartean izanen dira, bigarren eskuko azoka, kantu bazkaria eta argazki subasta. Itzalekin jolasean aritzeko parada izanen dute herritarrek hilaren 10ean, 'Enperadorearen kondaira' itzal antzerkiarekin, Ganbaran. Eta bertsoek ezin izan dute hutsik egin Korrika kulturaleko egitarauan. Horrenbestez, kantuan izanen dira Unai eta Eñaut Agirre anaiak, Imanol Kamioren musikaz lagunduta. Martxoaren 19an, berriz, Korrika kulturalari amaiera emanen zaio Korrikarekin bat eginez, arratsaldeko 18:30ak inguruan.

KORRIKA KULTURALA

GOIZUETA

MARTXOAK 2

17:30 Zapotxin, Ganbaran

MARTXOAK 3

18:00 'Bizkarsoro filma', Ganbaran

MARTXOAK 9 

Korrika festa Aranon

12:00 Bigarren eskuko azoka

14:00 Kantu bazkaria

18:00 Argazki subasta

MARTXOAK 10

17:00 'Enperadorearen kondaira', Ganbaran

MARTXOAK 15

21:00 Bertso zaharren afaria: Imanol Kamio; Unai eta Eñaut Agirre. Umore Ona elkartean.

MARTXOAK 19

18:30ak aldera, Korrikara

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!