Baserritar estimatua:
Karnabal usaina iritsi da eta ilusioz gabiltza denak. Giro ederrean mozorrotu, kantatu eta dantza egingo dugu eta otordu ederrak ere bai nahikoa jana eta edanarekin. Baina badakigu dena ez dela festa eta Goizutako mozorrok kontziente gara nekazari eta abeltzainek bizi duzuen egoeraz.
Urtero zuen etxeko ateak irekitzen dizkiguzue karnabalak ospatu ditzagun. Bizi duzuen egoeraz gain, aurten ere ia 50 baserrik esan diguzue zuenera azaltzeko.
Mozorroen partetik, eskerrak eman nahi dizkizuegu egiten diguzuen harreragatik eta hartzen duzuen lanagatik. Ez soilik karnabal astelehenean, urte guztian zehar baizik! Zuek gabe Goizutako karnabalak ez lirateke berdinak izango eta ez genuke egunero gure plateretan janaririk izango.
Guk ere zuen borrokarekin bat egiten dugula adierazteko keinu txiki bat egin nahi izan dizuegu. Horregatik, bertso hau zuentzako doa mozorro guztien partetik, gure esker ona azaltzeko:
Urtero etortzen gara
Zuengana ate joka
Nahiz dakiun etzutela
Edonolako erronka
Baserri ttikik ezkio
Gobernuari inporta
Biño itten zuten lana
Ezin da alperrik bota
Mozorrok ere nahi dugu
Zuekin egin borroka
Garaipen txukun bat lortuz
Laister ingo dugu topa
Zuek gabe karnabalik
Ospatzerikan ezto ta.