Herriz herri ari dira jokatzen, beste urte batez, Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketak. Gurean, Ereñotzun jokatu zuten aurrenekoa, urtarrilaren 21ean Irrintzi tabernan; eta 20 bikotek hartu zuten parte. Horietatik, hiru sailkatu ziren Gipuzkoako finalera: Aiatz Hernani eta Iñaki Hernani, Asier Polaina eta Ander Gonzalez, eta Ander Polaina eta Bittor Loran.
Hernanin, berriz, urtarrilaren 28an jokatu zuten, Zintzarri tabernan; eta 21 bikote partehartzaileetatik, hiru sailkatu ziren Gipuzkoakora: Peru Huizi eta Zuhaitz Carretero, Joxeba Lizeaga eta Xabier Lizeaga, eta Garikoitz Paskual eta Joxemi Aierbe.
Eta hilabete honen bukaeran iritsiko da goizuetarren txanda, otsailaren 24an jokatuko baitute kanporaketa, bi aste barru. Umore Ona elkartean izanen da, arratsaldeko 16:00etan hasita. Izenematea 20 eurokoa da, bikote bakoitzeko. Kasu horretan ere, lurraldeko finalera sailkatuko dira bikote onenak, Nafarroakora. Zenbat bikotek eginen duten aurrera, kanporaketako partehartzaile kopuruaren araberakoa izango da.
Martxoaren 9an izango dira zazpi lurraldeetako finalak, eta martxoaren 23an jokatuko da Euskal Herriko final haundia, Zuberoako Altzai herrian. 15garren edizioa du aurtengoa, Euskal Herriko Mus Txapelketak.