Goizuetako kilometroak erosteko epea zabalik da

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00

Korrika ttikia Goizuetan. Argazkia: Felix Loiarte

Interesa duenak goizuetakorrika@gmail.com helbidera idatzi beharko duela jakinarazi du Korrika Batzodeak.

Zabalik da dagoeneko Korrikarako kilometroak erosteko epea Goizuetan. 2009. urtean zeharkatu zituen herriko kaleak azken aldiz euskararen aldeko lasterketak, eta aurten, 15 urteren ondoren,  lekukoa hartzeko parada izango dute berriz goizuetarrek. Aurreikuspena da arratsaldeko 18:38etan helduko dela Leitzatik, martxoaren 19an. 

Korrika batzordeak bideo bat sortu du lasterketa Goizuetatik igaro den urteetako argazkiekin: 2001, 2005 eta 2009 urteetako irudiak daude ikusgai bertan, eta mezu argi bat ere plazaratu nahi izan dute: «Non egingo duzu zuk aurtengo kilometroa? Edo beste 15 urte itxarongo dituzu hurrena herritik igaro arte?». Batzordeko kideek kilometroa erostera deitu ditu herritarrak: «Irudi hauek ikusita seguru lekukoa hartzeko gogoa sartu zaizuela. Hala bada, animatu eta erosi zure kilometroa goizuetakorrika@gmail.com helbidera idatzita eta parte hartu herrian antolatuko dire ekintzetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!