Urte berriarekin batera, 'Azeriak' diska kaleratu du Yoni Salaberria 'Rig3l' artista goizuetarrak. Sad Trap edo Emo Trap musika generoko euskerazko abestiekin osatu du lana: «Arraroa izatearen magia berreskuratu nahi dut, Estatu Batuetako soundcloud rapper bizimodua euskal kulturara gerturatuz».
Diskari dagokionez, musikariaren jatorria ezagutzeko bide bat sortu du: «Nire herria eta nire baserria ezagutzeko gonbidapen bat da. Bertan, nahi duenak, nire bizitza eta nire sustraiak aztertu ahal izango ditu». Barne mundu horretan barneratzeko gitarra elektrikoekin, sintetizadore ilunekin eta perkusio elektronikoekin jolastu du: «Sinpletasunean ere badago nortasuna eta ez ditugu milaka eurotako materialak behar sentitzen dugun horretara ailegatzeko, honen erakusle da lan hau».
Rig3len hitzetan, 'Azeriak' lanaren abiapuntua eta helmuga «osasun mentala, sentimenduak eta askatasuna» lantzea izan dira: «Txikitako oroitzapenak hari moduan erabiliz, nire bizitzako momentu mordoa berriro bizi eta abesti bihurtu ditut». Horrez gain, une gogorren aurrean sortzen jarraitzeko nahia aldarrikatu nahi izan du: «Momentu zaietan ere badago aurrera egiterik eta borroka horren irudi da proiektu hau».