Dantza klaseak, antzerkia eta reiki tailerra izanen dira Sarran baserrian, datorren astean hasita

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 5a, 00:00
Sarran baserrian izanen dira tailerrak.

Teresa Lopez de Munain aktoreak eskainiko ditu tailerrak, eta Aitasemegi auzoko Sarran baserrian eginen dituzte, hilaren 8tik aurrera.

Dantza klaseetan, antzerkian eta reiki tailerrean parte hartzeko aukera izanen da, Goizuetan, hilaren 8tik aurrera. Teresa Lopez de Munain euskal aktore eta irakasleak eskainiko ditu klaseak, Sarran baserrian, Aitasemegi auzoan.

Reiki tailerra urtarrilaren 8tik maiatzaren 27ra arte izanen da. Hasierako proposamena da tailerra goizeko 10:30etatik 12:30etara eskaintzea. Halaxe dio Lopez de Munainek: «Reikia osasun sistema bat da. Denok daukagu gure eskuen bitartez gainontzekoak laguntzeko gaitasuna. Benetan, oso eragingarria da».

Hurrengo egunean, hilaren 9an, antzerki tailerrari ekinen zaio. Asteartetan izanen da, arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak arte, eta maiatzaren 23an amaituko da. Aktorearen esanetan, antzerkia oso aberasgarria da, eta pertsona guztiek bizi behar dute antzerkiaren esperientzia beren bizitzan zehar: «Jolasteko, besteen azalean paratzeko eta zure eskemei irauli bat emateko», adierazi du.

Azkenik, dantza klaseei dagokienez, urtarrilaren 11tik 30era arte eskainiko dira, ostegunetan, 16:00etatik 17:30etara: «Apuntatzen direnek ez dute dantza jakin behar. Askok diote traketsak sentitzen direla, baina denok daukagu erritmoa barruan, oinez hasten garenetik; beraz, utzi zure bizitzaren energiari askatzen».

Hiru tailer ezberdin izanagatik ere, Lopez de Munainek lotura haundia ikusten die haien artean: «Toki berera joaten dira hirurak; pertsonaren sorkuntzara, bizipoza eta energia maila altxatzera, eta, baita ere, oso inportantea dena, partekatzera».

Informazio gehiago nahi dutenak, aktorearekin jarri daitezke harremanetan zuzenean, 636895621 telefonora deituta. Ordutegia moldatzeko aukera izanen da: «Etorri lehenbiziko egunean ezagutu eta froga egitera, inongo konpromisurik gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!