Antzerki, dantza eta reiki tailerrak izanen dira Goizuetan, urtarriletik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 31a, 00:00
Sarran baserrian izanen dira tailerrak.

Bost hilabeteko tailerrak izanen dira; urtarrilean hasi eta maiatzean bukatuko dituzte.

Urtarriletik aurrera hiru tailer egiteko aukera izanen da Goizuetako Sarran baserrian: antzerki tailerra, dantza adierazkorra eta reiki tailerra.

Reiki tailerrarekin urtarrilaren 8an hasiko dira. Astelehenetan goizeko 10:30etatik eguerdiko 12:30etara elkartzea da antolatzaileen asmoa, baina ordutegia moldatzeko aukera dagoela nabarmendu dute. Honela definitu dute tailerraren funtsa: «Reikik bizi indarra esan nahi du. Denok ditugun eskuen bitartez gure burua eta besteak sendatzeko gaitasuna ezagutzeko eta lantzeko». Tailerra maiatzaren 27ra arte luzatuko da.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 9an, antzerki tailerra hasiko da. Kasu honetan, asteartetan biltzeko proposamena egin dute, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

Azkenik, urtarrilaren 11n dantza adierazkor tailerrarekin hasiko dira: «Erritmo guztiak eta barne mundua landuko dira besteekin dantzan, zure sormenari hegoak patu». Dantza ikastaroa ostegunetan izanen da, 16:00etatik 17:30etara.

Hiru tailerretako lehenengo egunean konpromisorik gabe probatzera joateko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Informazio gehiago behar duenak 636 835 621 telefono zenbakira deitu dezake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!