Etzi hitzordu garrantzitsua dute Goizuetarrek; izan ere, XIX. azienda, artisau eta nekazal feria eginen dute, eta urteroko legez, herritarren gozamenerako egun osorako egitaraua prestatu du Feria Batzordeak.
Azokari hasiera emanen zaio azienden erakusketaren eta noski, postuekin, goizeko 10:00etan. Goizean zehar herriko dantzariak eta trikitilariak arituko dira herria girotzen, eta eguerdi partean hasiko dira ikuskizunak.
Artzai txakurren erakustaldia izanen da aurrenekoa, Barrenetxeako belasoan, hiru artzairekin: Goizuetako Javier Olaziregik, Aby txakurrarekin (Border Collie); Jexux Razkinek, Mendi txakurrarekin (Euskal Zakurra); eta Jose Antonio Ormazabalek, Kanel txakurrarekin (Border Collie).
Bazkari baten bueltan elkartuko dira denak, 14:30ak aldera, eta bapo bazkaltzeko parada izanen dute, ondorengo menu ederrarekin: babarrunak aurrena, betizu gisado bero-beroa bigarren platera, eta postea amaitzeko.
Arratsaldean, berriz, Matraka elektrotxarangak hartuko du lekukoa, eta giroari jarraipena emango dio, 18:00etatik hasita.
Larunbatean, feriari buruzko elkarrizketa irakurgai izango duzue Kronikan.