Larunbatean izanen da Goizuetako XIX. azienda, artisau eta nekazal feria, egun guztiko festarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 00:00
Goizeko 10:00etan izanen dira ikusgai artisauen postuak.

Goizetik gauera, ez da aspertzeko tarterik izanen larunbatean. Bazkarirako txartelak gaur kenduko dituzte salmenta puntuetatik.

Larunbat honetan eginen dute Goizuetan XIX. azienda, artisau eta nekazal feria. Festa eguna izanen da bertan, eta, ohi bezala, egun osorako jarduerak prestatu dituzte Feria Batzordeko kideek. 

Eguna azienden erakusketarekin eta postuekin hasiko da, goizeko 10:00etan. Goizean zehar herriko dantzariak eta trikitilariak arituko dira herria girotzen, eta eguerdi partean hasiko dira ikuskizunak. 

Horietan lehenengoa artzai txakurren erakustaldia izanen da. Barrenetxeako belasoan hiru artzaik eginen dute erakustaldia: Goizuetako Javier Olaziregik, Aby txakurrarekin (Border Collie); Jexux Razkinek, Mendi txakurrarekin (Euskal Zakurra); eta Jose Antonio Ormazabalek, Kanel txakurrarekin (Border Collie). 

Eguerdiko 14:30etan bazkaria izanen da. Babarrunak, betizu gisadoa eta postea da aurtengo menua, eta gaur izanen da txartelak hartzeko azken eguna. Amaian eta Estankoan daude salgai. 

Arratsaldea girotzeaz Matraka elektrotxarangako kideak arduratuko dira. Hortik aurrera, parrandarako tartea izanen da.

GOIZUETA

AZAROAK 25, larunbata

10:00 Aziendak eta postuak.

11:00 Herriko dantzariak. Txino auzoan.

11:30 Herriko trikitilariak.

12:30 Artzai txakurren
erakustaldia. Barrenetxeako belasoan.

14:30 Bazkaria. Babarrunak, betizu gisadoa eta postrea.

18:00 Matraka elektrotxaranga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!