'20.000 especies de abejas' filmarekin, igandean emanen diote hasiera bi hilabeteko kultur agendari

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00
Esti Urresola (erdian), '20.000 especies de abejas' filmaren zuzendaria, Sofia Otero aktorearekin. Argazkia: BTeam Pictures

Azarorako eta abendurako kultur agenda prestatu dute Goizuetan, eta zazpi hitzordu berezi jarri dituzte. Zinearekin ekinen diote, 
Esti Urresolaren film ezaguna eskainiko baitute
igande honetan, 17:30etan udaletxeko ganbaran.

Urtero bezala, kultur agenda oparoa prestatu dute urtea bukatzeko, Goizuetan. Ekintza bereziz josiko dituzte azaroa eta abendua, Goizuetako Kultur Taldeak, Emakume Taldeak, Umore Ona elkarteak eta Feri Batzordeak elkarlanean osatutako programarekin.

Zinearen eskutik emanen diote hasiera, igande honetan bertan, azaroaren 5ean: '20.000 especies de abejas' filma eskainiko dute udaletxeko ganbaran, arratsaldeko 17:30etan hasita. Estibaliz Urresola da filmaren zuzendaria, Ereñotzun bizi den laudiotarra; eta entzute haundia izan du, baita sariak jaso ere, Berlingo eta Malagako zine jaialdietan.

Datorren astean izanen dute bigarren hitzordua, ostiral iluntzean: 'Bertso-pintxo-potea' eginen dute gaztetxean, 19:00etan hasita, Eli Pagola, Maddi Aiestaran eta Aissa Intxausti bertsolarien eskutik.

Eta azaroko azkeneko bi larunbatetan, ohiko bi zita seinalatu izanen dituzte goizuetarrek. Aurrena, azaroaren 18an, Atalen Eguna ospatuko du Umore Ona elkarteak, egun osoko festarekin. Herriko txoko guztiak girotzeaz arduratuko dira elkarteko atal ezberdinak, herritarren gozamenerako: pilota partiduak, dantza emanaldiak, abesbatzaren kantu saioak... Eta hurrengoa, azaroaren 25ekoa, egun potoloa izanen da herrian: Feri Eguna ospatuko dute, artisau eta nekazaritza postuekin, aziendekin, bazkariarekin...

Bien artean, haurrentzako antzerki saio bat ere prestatu dute, azaroaren 19rako: 'Pirata garrapataren abenturak' antzezlana eskainiko du Patata Tropikala konpainiak, arratsaldeko 17:30etan hasita, udaletxeko ganbaran.

 Bakarrizketak eta sukaldaritza ikastaroa, protagonista abenduan

Urtea bukatu aurretik, eta Gabonetako ekintza bereziak iritsi baino lehen, beste bi hitzordu berezi ere prestatu dituzte abendurako. Aurrena, abenduaren 3rako, Euskeraren Egunerako, bakarrizketa saioa prestatu dute, Mikel Martinez eta Patxo Telleria umoregileekin. Udaletxeko ganbaran izanen da, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta emanaldi bana eskainiko dute bi umoregileek: 'Txizatoki bat eszenatokian' Patxo Telleriak, eta 'Hamalau' Mikel Martinezek. 

Kultur agenda borobiltzeko, sukaldaritza ikastaroa antolatu dute abenduaren 16rako: moka tarta egiten ikasiko dute bertaratuek, Mari Luzen eta Argiñeren eskutik, 10:00etan jangelan.

AZAROKO ETA ABENDUKO KULTUR AGENDA GOIZUETAN

Azaroak 5, Zinea: '20.000 especies de abejas', 17:30etan udaletxeko ganbaran.

Azaroak 10, 'Bertso-pintxo-potea', Eli Pagola, Maddi Aiestaran eta Aissa Intxausti bertsolariekin, 19:00etan gaztetxean.

Azaroak 18, Umore Ona elkartearen Atalen Eguna.

Azaroak 19, Antzerkia: 'Pirata garrapataren abenturak', 17:30etan udaletxeko ganbaran.

Azaroak 25, Feri Eguna.

Abenduak 3: Bakarrizketak: Mikel Martinezen 'Hamalau' eta Patxo Telleriaren 'Txizatoki bat eszenatokian'. 18:00etan, udaletxeko ganbaran.

Abenduak 16, Sukaldaritza ikastaroa: moka tarta, Mari Luz eta Argiñeren eskutik. 10:00etan jangelan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!