Konpromiso zaila bezain ederra bihar Iker Salaberriak, Ezkurdiaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Iker Salaberria eta Joseba Ezkurdia, pelota aukeraketan. Argazkia: Aspe

Iazko txapeldunaren aurka hasiko du goizuetarrak Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiaren ligaxka.

Ez da nolanahikoa izan Iker Salaberriaren debuta, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian. Goizuetarrak garaipen haundia lortu zuen estreinakoan, Mikel Urrutikoetxearen kontra, final zortzirenetan. Eta horri esker, gutxienez hiru astez luzatuko du bere partehartzea txapelketan, final laurdenetako ligaxka jokatuta. 

Bihar ekingo dio ligaxkari, eta partidu zaila bezain ederra dauka hasteko: Joseba Ezkurdia arbizuarraren kontra jokatuko du; iazko txapeldunaren kontra, alegia. Hortaz, joan den urteko lau t'erdiko txapeldunak ariko dira aurrez aurre, promozio mailakoa irabazi baitzuen goizuetarrak. Lekunberrin izango da partidua, arratsaldeko 17:00etan.

Ondo daki Salaberriak, bere armak bikain baliatu beharko dituela, Ezkurdiari ezustekoa emango badio: «Badakit indarrean ez daukadala bere pare jartzeko aukerarik, baina beste arma batzuk dauzkat, eta badakit nola erabili lau t'erdian. Oso erronka zaila daukat, bera ohituta dagoelako horrelako partiduak jokatzen; baina oso ondo dakit zer egin behar dudan».

Biharko partiduaren ondoren, Erik Jakaren eta Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du Salaberriak ligaxkan, eta A multzoko bi onenen artean sailkatu beharko luke, semifinaletan aritzeko.

Hodei Exposito Bilbon gaur, Unai Alberdiren kontra

Promozioko Lau t'erdikoan, berriz, gaur jokatuko du Hodei Exposito astigartarrak, final laurdenetako ligaxkaren bigarren partidua. Unai Alberdi azpeitiarra izango du kontrario, Bilboko Bizkaia frontoian, 17:15etan.

Joan den asteburuan Andoni Gaskue menderatu ondoren (22-9), astigartarrak pauso haundia emango luke semifinaletan aritzeko, Alberdiri irabaziz gero.

Iosu Eskirozen kontra jokatuko du ligaxkako azkeneko partidua. Ostegunean menderatu zuen Eskirozek Gaskue (22-5), baina aurreko asteburuan galdu egin zuen Alberdiren kontra (16-22). Hortaz, gaurko partidua jokatzeko faltan, garaipen banarekin daude Exposito, Alberdi eta Eskiroz; eta hiruetatik bi sailkatuko dira semifinaletara.

CD Hernaniko esku pelotariek, asteburu berezia eta intentsoa Bartzelonan

Maila afizionatuari dagokionean, txapelketa ofizialetan partidurik ez daukatela baliatuko dute CD Hernaniko esku pelotariek, Bartzelonara bidaia egiteko. Asteburu berezia eta intentsoa izango da haientzat, 15 partidu jokatuko baitituzte guztira, gaur eta bihar. Klubeko 15 esku pelotari eta 22 laguntzaile joan dira Bartzelonara, eta Nafarren Etxea klubarekin batera jokatuko dituzte partiduak: «Oso harreman ona dugu bi klubek, eta senidetasun bilera izango da bidaia», nabarmendu dute. Adin guztietako esku pelotariak ariko dira bertan, alebinetatik nagusietara. Honakoak dira jokatuko duten hernaniarrak: alebinetan, Makatzaga II, Serrano eta Zubitur; infantiletan, Barrenetxea, Galdos, Hernandez, Mendiable, Zabala, Azpeitia II eta Arsuaga; kadeteetan, Makatzaga eta Oses; eta jubeniletan, Azpeitia, Iturbe eta Pascual.

Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek ezin, Amianoren eta Alberdiren kontra

Ostegunean jokatu zuten, Ekain eta Eñaut Lizeaga astigartarrek, Gipuzkoako Txapelketako partidua, nagusien lehenengo mailan. Tolosako Beotibarren aritu ziren, Alberdiren eta Amianoren kontra; eta 22-14 galdu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!