Goizuetako Jubilatuen Eguna urriaren 28an eta 29an ospatuko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 00:00

Urriaren 28an Truk eta Mus Txapelketak izanen dira, eta 29rako egun osoko festa prestatu dute. Bazkarirako izena eman behar da, hilaren 23rako.

Urriaren 28 eta 29rako, Goizuetan erroldatutako Jubilatuen Eguna antolatu du Umore Ona elkarteak. Urriaren 28an, Truk eta Mus Txapelketak jokatuko dituzte, arratsaldeko 16:00etan hasita, Umore Ona elkartean bertan. Txapelketa aurrera ateratzeko, lau bikotek apuntatu beharko dute gutxienez. 

Eta urriaren 29an, Goizuetan erroldatutako Jubilatuen Egunak segida izanen du. Goizeko 11:00etan, meza nagusia egingo da, eta jarraian, pilota partiduek hartuko dute lekukoa. Eguerdiko 14:00etarako, bazkaria antolatu dute Umore Ona elkartean. Bazkarira bertaratzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Elenaren Estankoan edo Amaia Kafetegian. Horretarako azkeneko eguna urriaren 23a izanen da, eta bazkarirako 10 euro ordaindu beharko dira.

Amaitzeko, bi eguneko ospakizunaren berri zabaltzeko eskatu dute antolatzaileek, honako oharra helarazita: «Aurtengoan ez da paperezko eskutitzik bidaliko; beraz, mesedez, zabaldu mezu hau inguruko jendearen eta jubilatuen artean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!