Sei ikastaro eskainiko dituzte kurtso honetan Goizuetan, eta etzi arte eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 00:00

Gutxienez zortzi lagunek eman beharko dute izena taldea osatzeko, eta zenbat eta gehiago apuntatu, merkeagoa izango da. Udaletxean eman behar da izena, edo 948 51 40 06 telefonoan.

Sei ikastaroko eskaintza osatu du Goizuetako Udalak, ikasturte honetarako: eskulanak, pilates, jump fit, entrenamendu funtzionala, adinekoentzat jarduera fisikoa, eta multikirolak haurrentzat. Izenematea zabalik dago jo­an den astetik, eta etzi arte izanen da apuntatzeko aukera. Horretarako, Goizuetako udaletxera jo behar da, edo telefonoz deitu 948 51 40 06 zenbakira.

Ikastaro bakoitzean, gutxienez zortzi lagunek eman beharko dute izena taldea osatu ahal izateko (multikirolaren kasuan, gutxienez 10 haurrek). Gainera, prezioan ere eragina izanen du kide kopuruak: oinarrizko prezioa da ondoko taulan ageri dena, baina gutxienekoa baino lagun gehiago apuntatuz gero, merkeagoa izanen da. Edonola ere, 12 laguneko taldeak izan daitezke gehienez.

Izenemate ordenaren arabera esleituko dira plazak, baina lehentasuna izanen dute Goi­zu­etan erroldatutakoek. Ordainketa bi zatitan eginen da: azaroan aurreneko zatia, eta urtarrilean bigarrena.

Urriaren 23ko astean hasiko dituzte saioak, ikastaro guztietan; eta zazpi hilabeteko iraupena izanen dute, maiatzera bitarte.

GOIZUETAKO UDAL IKASTAROAK

ESKULANAK
Ostiraletan, 16:00etatik 19:00etara, Iriartenean (Tifanitxon).
Prezioa: 257 euro.

PILATES
Astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara, Dantzen Lokalean.
Prezioa: 200 euro.

JUMP FIT
Astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara, Dantzen Lokalean.
Prezioa: 214 euro.

ENTRENAMENDU FUNTZIONALA
Astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara, Dantzen Lokalean.
Prezioa: 230 euro.

ADINEKOENTZAT JARDUERA FISIKOA
Asteazken eta ostiraletan, 09:30etatik 10:30etara, Dantzen Lokalean.
Prezioa: 140 euro.

MULTIKIROLAK HAURRENTZAT
Astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 17:00etara, Xalto eskolan.
Prezioa: 150 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!