Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian ariko da Iker Salaberria, igandean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 5a, 00:00

«Lehiakorra» izan nahi du Iker Salaberriak, Lau t'erdiko Txapelketan.

Goizuetarrak Mikel Urrutikoetxea izanen du kontrario Tolosan, final zortzirenetako kanporaketan.

Joan den urtean Promoziokoa irabazi ondoren, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian debuta eginen du Iker Salaberria goizuetarrak, aurten. Igande honetan ekinen dio, eta Mikel Urrutikoetxearen kontra jokatuko du final zortzirenetako kanporaketa. Tolosako Beotibarren jokatuko dute, arratsaldeko 17:00etan hasita.

«Aukera ederra da niretzat, lau t'erdiko esku pelotari onenen kontra jokatzeko», aitortu du goizuetarrak: «Ilusio haundia egin dit enpresak ni hautatu izanak, polita da ikustea baloratzen dutela egunerokoan egiten duzun lana».

Orain, bere maila onena eman nahi du, eta «lehiakorra» izan. Partidu zaila dauka goizuetarrak, banakako lehian espezialista den pilotari baten aurrean. Edonola ere, ezustekoa ematen saiatuko da, iazko txapelketan agerian utzi zituen armak baliatuta. «Kontrario gogorra da, baina nire lanean zentratu behar dut, eta nire onena emanez gero, irabazteko aukera izango dut».

Irabaziz gero, final laurdenetako ligaxkan ariko da goizuetarra, datorren astetik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!