Mendi irteera antolatu du Arainburuk, larunbat honetarako. Goizeko 07:30etan abiatuko dira herriko plazatik, autobusean; eta Aralarko Itzulia osatuko dute oinez, Albitik Amezketara, Igaratzatik pasata. 19,6 kilometroko ibilbidea da, baina desnibelari dagokionez, 390 metro egingo dituzte gorantza, eta 1.180 metro beherantza. Sei ordu inguruko ibilaldia aurreikusi dute, eta arratsaldeko 16:30ak aldera bueltatuko dira herrira.
Parte hartu nahi duenak, Elena estanko eta arropa dendan eman beharko du izena. Etzi arte apuntatu daiteke, eta 28 lagunentzako dago tokia, gehienez ere. Izena ematerakoan, 15 euro ordaindu beharko dira, autobusaren gastua kubritzeko. Bakoitzak eraman beharko du bere hamaiketakoa eta bazkaria, eta aldatzeko arropa ere eramatea gomendatu dute.
Larunbat honetarako aurreikusi du irteera Arainburuk, baina eguraldiak baldintzatuko du data. Eguraldi txarra eginez gero, astebete atzeratuko lukete irteera, irailaren 23ra.