Antiguako frontoitik Goizuetara bi txapel, herriko zaleen laguntzarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00

Beñat Apezetxea, finalean. Argazkia: Antiguako Pilotazaleok

Promesen finala irabazi zuen Beñat Apezetxeak, Unax Landarekin (22-11); eta elitekoa Antton Apezetxeak, Unai Amianorekin (22-16).

Asteazken arratsaldean jokatu zituzten Antiguako Txapelketaren finalak, Donostian; eta goizuetar ugari izan ziren harmailetan, etengabe animatzen. Pozik bueltatu ziren herrira, bi txapelekin: Beñat Apezetxeak promesa mailan lortu zuena, Unax Landa oiartzuarrarekin; eta Antton Apezetxeak elite mailan jantzitakoa, Unai Amiano irundarrarekin. 

Beñat Apezetxea izan zen eguneko protagonista nagusia, erakustaldia emanda: 14 tanto egin eta bakarra galduta. Horrela, 22-11 nagusitu ziren Iker Egiguren azpeitiarraren eta Aingeru Bernaola mañariarraren kontra. Hasieratik izan ziren nagusi, eta berehala lortu zuten abantaila haundia (8-1). Eta hortik aurrera, zuloa haunditu besterik ez zuten egin, 18-5 jartzeraino: Landa atze­an defentsan lan haundia egiten, eta Apezetxea aurrean bizi-bizi, errematean asmatzen. Markagailua pixka bat txukuntzea lortu zuten urdinek, baina aukerarik ez zieten eman gorriek.

«Oso exigentea naiz nire buruarekin, baina gaur gustura geratu naiz jokatutako partiduarekin. Sekulako gogoarekin etorri naiz, disfrutatzera atera naiz kantxara, eta halaxe egin dut. Oso gustura aritzen naiz frontoi honetan, ttiki-ttaka aurrean», adierazi zuen goizuetarrak, partiduaren ondoren. Bera izendatu zuten finaleko onena.

Partidu ikusgarria izan bazen promesa mailakoa, ez zen hain ona izan elitekoa, akats gehiagorekin. «Bi atzelariok dexente egin dugu huts, eta ez da partidu ona izan; baina finaletan balio duena irabaztea da, eta pozik gaude», aitortu zuen Antton Apezetxeak gero. Ondo ekin zioten berak eta Amianok, Jorge Fernández errioxarraren eta Aratz Oliden oriotarraren kontra, eta 5-0 aurreratu ziren. Partidua berdindu egin zen gero (7-7 eta 10-10), eta irundarrak eta goizuetarrak tartetxoa zabaldu ondoren (16-11), berriro ere etorri zitzaizkien parera (16-15). Hortik aurrera, ordea, erabat nagusitu ziren jokoan, Olideni atzean lan haundia emanda, partidu osoan bezalaxe; eta 22-16 nagusitu ziren azkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!