'Eta zu nongoa zara?' Ohiko galdera izaten da udan, Goizuetako plazan. Bertako gaztetxoen jakinmin zintzoa eta kanpotik etorritako turisten irripar atsegina nahasten dira. «Oso polita izaten da, eta turistek asko eskertzen dute goizuetarren gertutasuna, zeinen irekiak diren», kontatu du Regina Bruckerrek, Zubimuxu aterpeko arduradunak. «Eta kanpotik datorren jendeak, era berean, bizitasuna ematen dio herriari», gaineratu du Mari Mitxelenak, Iskibi kanpineko langileak.
Turista masifikaziorik gabeko herria da Goizueta, «eta horrela behar du», nabarmendu du Bruckerrek: «Zaindu egin behar dugu herria eta bere berezkotasuna. Ez dugu behar abentura parkerik edo horrelakorik. Beharrezko guztia daukagu, datozen turistek bilatzen duten hori topatzeko. Lasaitasuna, basoa, ingurune berdea, erreka, eta jende autentikoa. Horixe da Goizueta».
«Paradisua» topatzen dute bisitariek bertan, baina kasu gehienetan kasualitatez, eta nora datozen ere jakin gabe...
Abuztuan beteta, aterpea eta kanpina
Uztaileko giro goibelak ez du askorik lagundu bisitariak erakartzeko garaian; baina bestelakoa izan da abuztua, eta beteta egon dira kanpina eta aterpea Goizuetan. «Iskibi gainezka izan dugu abuztuaren 22ra arte», kontatu du Mitxelenak: «Kanpoko jende asko etorri da; holandarrak, frantziarrak edota alemaniarrak, besteak beste. Espainiatik, aldiz, aurreko urteetan baino gutxiago izan dira».
Gorakada nabaritu dute Frantziako bisitarietan, baina bereziki Holandakoetan. Azkeneko horien kasua berezia da, gainera: «Duela urte asko, holandar bat etortzen zen kanpinera, Dos caballos batekin. Informatikaria zen bera, eta hemen hain ondo tratatzen zutela eta, orduan kanpina zeramakienari esan zion Iskibi sartuko zuela kanpinei buruzko webgune holandar batean. Beraz, pentsatzen dut horren bitartez etorriko zirela asko. Badira urte batzuk handik etortzen hasi zirela, baina aurten pila bat izan dira», dio Mitxelenak.
Antzeko herrialdeak aipatu ditu Bruckerrek ere, aterpeko bisitarien jatorriaz ari garela. Uda arraroa izan da, dena den: «Jende askok egin zuen erreserba udaberrian, baina uztailean kantzelazio pila bat izan nituen. Jendearen ohitura da gaur egun... Badaezpada ere egiten dute erreserba, baina ez toki bakarrean, hainbat tokitan baizik. Eta ondoren, behin beraien oporrak antolatuta, erabakitzen dute horietatik zeinetan mantendu erreserba, eta zeinetan kantzelatu», azaldu du.
Hori horrela, «zalantza askorekin» hasi zuen uda, baina ia beteta izan du aterpea abuztu osoan. Ohiko bezeroak dira batzuk, «urtero etortzen direnak Valentziatik. Uda honetan, gainera, bero haundia egin du Espainian, eta frexkotasun bila etorri dira Mediterraneotik, Andaluziatik, Madrildik...». Lauzpabost gau egiten dituzte bertan, eta bertatik mugitzen dira toki ezberdinetara: Donostiara, Bilbora, Iruñeara, Zugarramurdira... «Denetatik urruti xamar dago, baina denen erdian. Eta aldi berean, herri lasai batean zaude, erreka daukazu bainatzeko, ondo egin dezakezu lo... Zer gehiago behar duzu?».
Gainera, bada zerbait aurten «oso argi» ikusi duena Regina Bruckerrek. «Aurreneko egunetan joaten dira hirietara edo toki ezberdinak ezagutzera; planak eginda dauzkate. Eta ondoren, behin plan guztiak bukatuta, egun batez geratzen dira herrian. Paseotxo bat egiten dute, errekara joaten dira... Arratsalde horietan, askotan egin dut topo haiekin, eta zoriontsu ikusten ditut. Esan izan didate: 'Oso egun polita izan dugu gaur. Oso lasai egon gara, familian elkartuta'. Ez dute ezer egin, nolabait esateko; eta sekulako poza nabaritzen zaie. Hiritik estresatuta etortzen dira, eta planak egiten dituzte hau eta bestea bisitatzeko. Baina Goizuetan bertan geratzen direnean, konturatzen dira horixe dela behar dutena, lasaitasuna; eta ez hiritik hirira ibiltzea».
Prezio merkeagatik eta kostaldeko toki faltagatik Goizuetara, baina...
Italiarrak izan dira aurtengo «ezustekoa», Zubimuxun: «Beharbada aurreiritzi hutsa da, baina holandarrek, belgikarrek edota alemaniarrek asko bidaiatzen duten bezala, itailarrak ez dituzu asko ikusten, edozein tokitara oporretara zoazela. Eta ez dakit zergatik, baina aurten asko etorri dira», azaldu du Bruckerrek. Aldiz, urtero joaten dira aterpera, Holandatik eta Belgikatik ere: «Portugalera bidean dijoaz, eta geldialdia egiten dute Goizuetan. Bidearen erdian geratzen zaie. Akaso nahiko lukete autopistatik gertuago egon, baina prezioa eta tokia kontutan hartuta, hona etortzen dira. Urumea bailara osoa zeharkatu behar dute horretarako, errepide honetatik; baina gustatu egiten zaie tokia. Horiek gau batez bakarrik egoten dira, baina askotan, bueltakoan ere bertan egiten dute geldialdia».
Zentzu horretan, nabarmendu du «kasualitatez» iristen direla asko Goizuetara, «kostaldeko toki faltagatik eta prezioagatik: «Eta hona iristeko bidea ikusita, pentsatzen dute 'nora etorri gara?'. Baina ezagututakoan, asko gustatzen zaie, paradisua da haientzat, topatu zezaketen aukerarik onena. Azkenerako, espero zutena baino egun gehiago geratzen dira hemen, deskantsatzeko».
Bruckerrek aipatutako arrazoiekin egin du bat Mari Mitxelenak ere: «Kanpina merkea da, eta asko etortzen dira hona lotarako, baina gosaldu ondoren egun guztia pasatzen dute hemendik kanpo, Donostian, Zarautzen... Ilunabarrerako bueltatzen dira kanpinera. Kontua da kostaldean toperaino beteta dagoela dena, eta toki bila etortzen dira gurera. Horrela, bete egin da Iskibi ere, azkenerako. Bigarren aukera da Goizueta askorentzat, baina guri ondo datorkigu, noski».
Horietako askok, errepikatu egiten dute hurrengo urteetan: «Goizueta oso herri autentikoa da, bizitasun haundia dauka. Umeak kalean dabiltza, eta mugimendu haundia dago arratsaldeetan. Bertako haurrekin harremana izaten dute turistek, Iberora joaten dira...», dio Zubimuxuko arduradunak. «Txoratzen egoten dira hemen», gaineratu du Iskibi kanpinekoak: «Esaten digute zeinen polita eta berdea den ingurunea. Oso lasai eta ongi egoten dira hemen, eta haurrentzat ere ez dago inolako arriskurik».
Ahoz ahokoak ere egiten du bere lana: «Deitu izan didate Holandatik edo, esanez lagun batek gomendatu diela, eta erreserba egin nahi dutela», kontatu du Bruckerrek.
Artikutzara bisita, mendi ibilbideak, erreka...
Besteren batek gomendatuta, aurrez ezagututa edo bere kaxa topatuta, badira propio Goizuetako ingurunearen lasaitasunaren bila etortzen direnak ere. «Pasadan» etortzen dira batzuk, baina astebeteko edo bi asteko egonaldia egiten dute besteek: «Bertan asentatzen dira, eta toki desberdinetara mugitu; baina bertan planak egiteko ere galdetzen digute, zein aukera dauzkaten ibilbideak egiteko», azaldu du Mitxelenak.
Proposamenen artean, ez dute hutsik egiten Artikutzak edo Añarbek, «eta herrira mendi bidetik joateko aukera ere badute kanpinetik bertatik. Oso bide polita da, haurrekin egiteko». Harrituta geratzen dira horrelakoetan: «Esaten digute oso polita dela herria eta ingurunea. Guk, egunerokotasunean ikusten dugun horretan, ez dugu hainbeste apreziatzen; baina kanpotik datorrenak bai. Berdin gertatzen da bertako basoekin. Guretzako egunerokoa da, baina beraientzat ez dira ohiko tokiak».
Zubimuxu aterpea ere prestatu dute herrian bertan planak egin nahi dituztenentzat: «Mendiko bizikleta elektrikoak alokatzen ditugu, Artikutzara edota Mandoegira ibilbideak egiteko, besteak beste». Horrekin jarraituko dute aurrerantzean ere.
«Kanpina ixtean, dendariek esaten digute nabaritu egiten dela herrian»
Bukatzen ari da aurtengo uda, eta horrekin batera, baita oporraldia ere. Ekainaren 1ean ireki zuten Iskibi kanpina, eta bi aste barru itxiko dute, irailaren 17an. Nabarituko da aldaketa, herrian... «Bizitasuna ematen dio kanpoko jendeak herriari», nabarmendu du Mari Mitxelenak: «Herritik hiru kilometrora dago kanpina, eta enkarguak egitera, bazkaltzera edo eguna pasatzera joaten dira herrira. Kontsumitzen dute herriko denda eta tabernetan. Horregatik, kanpina ixtean, dendan esaten dizute nabaritzen dela Iskibi itxi izana».
Festa giroan emanen diote bukaera, aurtengo denboraldiari: kantu zaharren bazkaria eginen dute irailaren 16an, eguerdiko 14:00etan, Angel Mariezkurrenarekin. Bertan izanen dira Aitor Ibarra tronpetista, Franzisko Santsotena soinujolea, Aitor Mendiluze bertsolaria eta Bankako Menditarrak abesbatza ere. Txartelak 55 euroan daude salgai, irailaren 9ra arte, Amaia kafetegian, Oxeguarda jatetxean eta Iskibi kanpinean bertan. Kantu liburuxka ere jasoko du bakoitzak.
Denboraldia borobiltzeko ez ezik, eskerrak emateko ere balioko du hitzorduak: «Eskerrak eman nahi dizkiegu kanpinera etorri diren guztiei, eta urte askotan segi dezagula horrela, elkarren ondoan».
Zabalik jarraituko du Zubimuxu aterpeak, baina bestelako bezeroak hartuko ditu udatik kanpo: «Euskal Herriko txoko ezberdinetatik ere etortzen da jende asko, baina horiek ez dira udan etortzen, beste urtaroetan baizik», kontatu du Regina Bruckerrek. Haiek ere, nora datozen jakin badakiten arren, hartuko dute sorpresa pozgarririk, herria eta ingurunea bertatik bertara ezagutzean...
Ostegunean amaitu zen uda meteorologikoa, giro grixa eta euritsua protagonista izan dituela
Urtaroak izan daitezke meteorologikoak edota astronomikoak. Ohikoan, astronomikoei erreparatzen diegu, zein urtarotan gauden zehazteko; baina zer eguraldi egin(go) duen jakiteko, meteorologikoak erabiltzen dira. Meteorologoek eta klimatologoek hiru hilabeteko taldetan banatzen dituzte estazioak, urteko tenperatura-zikloaren eta gure egutegiaren arabera. Abuztuarekin batera, ostegunean amaitu zen uda meteorologikoa, eta atzo sartu ginen udazken meteorologikoan. Aurten, eguraldiak berak aldaketa sumatuarazi digu, eta aste honetan zehar udazken giroa izan da, uda giroa baino. Ipar hemisferioko udaberri meteorologikoan martxoa, apirila eta maiatza sartzen dira; uda meteorologikoan ekaina, uztaila eta abuztua; udazken meteorologikoan iraila, urria eta azaroa; eta negu meteorologikoan abendua, urtarrila eta otsaila. Oro har, negua da urteko sasoirik hotzena, eta uda, berriz, urteko sasoirik beroena. Udaberria eta udazkena dira trantsizio-urtaroak, eta horretan oinarritzen dira estazio meteorologikoak. Behaketak eta eguraldiaren iragarpenak ekarri zuten estazio horiek sortzea, eta urtaro astronomikoek baino lotura estuagoa dute gure hileroko egutegi zibilarekin. Estazio meteorologikoen iraupena ere egonkorragoa da: bisurtea ez den urte batean, neguak 90 egun ditu, udaberriak eta udak 92, eta udazkenak 91. Egutegi zibila jarraituz gero, eta denboraldiaren iraupenean aldaketa gutxiago izanez gero, askoz ere errazagoa da urtaroen estatistikak kalkulatzea, hileko estatistiketatik abiatuta. Estatistika horiek oso erabilgarriak dira nekazaritzarako, merkataritzarako eta beste helburu batzuetarako. Aurtengo uda meteorologikoa kontutan hartzen badugu, azpimarragarria da euritsua izan dela. Igeldoko estazioari erreparatuta, ikusi daiteke normalean botatzen dituen litroen gainetik daudela datuak. 348 litro bota ditu metro karratuko, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra arte; azkeneko 40 urteetako batazbestekoa baino 73 litro gehiago. Tenperaturei dagokienez, muturreko beroa izan zen bost egunez: uztailaren 14an, eta abuztuaren 9an, 18an, 23an eta 24an. Baina, orokorrean, ez dira egun asko izan bero haundikoak. Zerua oskarbi ageri zen egunak ere gutxi izan dira. Ekainean, uztailean eta abuztuan, lainotutako egunak bikoitzak izan dira. Estazio astronomikoak Estazio astronomikoak, Lurrak eguzkiarekiko duen posizioan oinarritzen dira. Lurraren errotazio naturalak, eguzkiaren inguruan, egutegi astronomikoaren oinarria eratzen du, non bi solstizio eta bi ekinozio dituzten estazioak definitzen ditugun. Jendeak aldizkako fenomeno naturalak erabili ditu, milaka urtetan zehar, denbora markatzeko. Lurraren inklinazioak eta eguzkiaren ekuatorearen gaineko lerrokadurak, solstizioak eta ekinozioak erabakitzen dituzte. Ipar hemisferioan, udako solstizioa ekainaren 21ean edo data horren inguruan tokatzen da; neguko solstizioa abenduaren 22an edo data horren bueltan; ekinozio berdea edo udaberri-ekinozioa martxoaren 21ean edo data horren inguruan; eta udazkeneko ekinozioa irailaren 22an. Urtaro horiek alderantzikatu egiten dira hego hemisferioan, baina garai berean hasten dira. Lurra 365,24 egunez osatzen du bere ibilbidea eguzkiaren inguruan; eta horregatik, egun gehigarri bat behar da lau urtetik behin, bisurtea bezala ezagutzen duguna sortuz. Horrek eragiten du solstizioen eta ekinozioen data zehatzak ere aldatzea. Gainera, Lurrak eguzkiaren inguruan duen orbitaren forma eliptikoak, eragiten du estazio astronomikoen iraupena 89 eta 93 egunen artean aldatzea. Denboraldiaren iraupenaren eta denboraldiaren hasieraren aldaketa horiek, oso zaila egingo lukete denboraldi jakin bateko estatistika klimatologikoak urte batetik bestera sistematikoki alderatzea. Horregatik sortu ziren estazio meteorologikoak. Atzotik azaroaren 30era arte, udazkenekoan izango gara. |