Artikutza zabalduko dute astelehenean San Agustin eguna berriz ere ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Goizuetar koadrila Artikutzan, San Agustin eguna ospatzen lagunartean.

Bailarako herritarrak hurbilduko dira eta egun osoan zehar, artisautza erakusketa eta salmenta postuak izango dira, baita bi txosna, zaindariaren aldeko meza, bi pelota partidu eta herri kirolen erakustaldia.

Urtero bezala, bisitariei irekiko diete Artikutza astelehenean, San Agustin egunez. Dantzaldia, pilota partiduak eta herri kirolak izanen dira, eta lagunartean, familiartean edo nahieran gozatzeko aukera eskainiko diete bertaratzen direnei. Ohiturarekin jarraituz, jai-giroan murgilduko dira Artikutzako San Agustin eguneko jai tradizionala ospatzeko. Ekintzetara bertaratzeko ez ezik, otorduak egiteko tartea ere izanen da igandean. Hori horrela, bertaratzeko deialdia luzatu dute.

Prestatutako egitarauarekin, hantxe izango dira Urumea bailarako herritar asko. Izan ere, Goizuetako lurretan dago Artikutza, nahiz eta 1919az geroztik Donostiako Udalarena den, alde administratiboari dagokionez behintzat. Hori horrela, urtero-urtero, abuztuaren 28an Artikutzara bertaratzen da bailarako zein inguruko herrietako lagun mordoa. 

Hala, egun osoan zehar, artisautza erakusketa eta salmenta postuak, elikadura produktuak eta janariz eta edariz hornitzeko bi txosna egonen dira. Era berean, ermitak zaindariaren aldeko meza hartuko du, Goizuetako udalbatzetako kideekin eta inguruko herritarrekin. Egitaraua osatzeko bi pilota partidu izanen dira Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek antolatuta.

Lehenik, emakumezkoen mailan, Aldaik eta Zabaletak, Galeano eta Arrillagaren aurka jokatuko dute. Ostean, gizonezkoetan, Etxeberria eta Olaitz, Leonet eta Antton Apezetxearen aurka arituko dira. 17:00etan, gainera, herri kirolen erakustaldia izanen da frontoian Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi 'Txikia IV' aizkolariak, Iker Vicente eta Ugaitz Mugerzaren aurka. Horrez gain, harrijasotze erakustaldia izango da Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Amalur Arbelaitz harrijasotzaileen eskutik.

Jardunaldiari amaiera emateko, Iratzar Taldeak berbena egingo du, 19:30etan hasita.

Bi txosnetan izanen dira taloak, gazta, eta beste hainbeste hamaiketakoa edota bazkaria egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!