Azkenaurreko eguna dute gaurkoa Goizuetako Amabirjin Jaiek, eta umeei eskainitakoa izanen da laugarren hau. Horretarako, egitarau berezia prestatu dute haientzat, makina bat ekintzarekin. Irumaita txarangaren doinuekin hasiko dute eguna, eta gaztetxoen pelota partiduak izanen dira ondoren. Erraldoiek eta trikitilariek ere ez dute hutsik eginen, eguerdian kalera aterata; eta mahaiaren bueltan elkartuko dira haurrak eta gurasoak, bazkaria eginen baitute.
Hori guztia nahikoa ez, eta haurrentzako puzgarriak izanen dira arratsaldean eskolan, ur txirrista eta guzti.
Hortik aurrera, txaranga, Goittikiren eguneroko bingoa eta DJ Xaibor arduratuko dira egunari errematea jartzeaz.
Haritz Loiarte onena, tokan
Bete-betea izan zen atzoko eguna, sagardo probaketa, herri kirol desafioa edota gauerdiko zezenak tarteko. Toka Txapelketa ere jokatu zuten atzo goizean, eta partehartze haundia izan zuen: 25 lagun aritu ziren. Haritz Loiarte izan zen denetan onena, Xabat Etxegiaren eta Xanti Bakeroren aurretik.
GOIZUETAKO AMABIRJIN JAIETAN GAUR
UMEEN EGUNA, abuztuak 17
09:00, Irumaita txaranga
11:00, Umore Ona pilota eskolako umeen partiduak
12:30, Erraldoiak trikitilariekin
13:30, Igandea txaranga
14:00, Ume eta gurasoen bazkaria
17:00-20:00, Haurrentzako puzgarriak, ur txirrista, eskolan
19:30, Txaranga
20:15, Goittikiren bingoa
20:30, DJ Xaibor