Astelehena izanagatik ere, primerako giroarekin hasi ziren Goizuetako Amabirjin Jaiak, atzo eguerdian. Ehunka herritar gerturatu ziren udaletxearen aurrera, txuriz eta zapi gorriz jantzita asko; eta pozik jaso zuten aurreneko suziriaren hotsa, aurtengo fiesten hasieraren iragarle.
Erraldoien estreinako dantza saioari, txosnaren irekierak eman zion segida, txanpain eta guzti, buruhaundien bizkarrekorik ere falta ez zela. Eta berehala elkartu zen jendetza frontoian ere: Pilota Goxoaren Txapelketaren finalak jokatu zituzten, eta sekulako giroa piztu zen bertan, animo oihuak eta barre algarak tartekatuz.
Haur eta gazteak izan ziren protagonista ondoren: ikastolan egin zuten gazte bazkaria eguerdian, eta haurrentzako jokoak eta merendua izan zen arratsaldean. Peñak ere egin zuen irteera arratsaldean, eta gazteen txupinazoak egin zion bidea Goittikiren bingoari, gaueko musika saioen aurretik.
Goizean goizetik saltsa gaur, Amabirjin egunez
Jaien bigarren eguna, berezia izanen dute goizuetarrek: abuztuaren 15a da gaur, Amabirjin eguna. Goizean goiz esnatuko dute herria dultzaineroek, dianarekin; eta entzierroa izanen da segidan. Ondoren, egun seinalatuari dagokion eran, meza nagusia eta prozesioa eginen dute.
Maila haundiko esku pilota jaialdia izanen da eguerdian. Neskak ariko dira aurrena, eta Araitz Legarreta aranoarrak eta Alize Sagardui goizuetarrak jokatuko dute, Esnal hernaniarraren eta Galardi oiartzuarraren kontra. Ondoren, mutilen txanda izanen da, afizionatu mailako puntako lau pilotarirekin: Ekain Lizeaga astigartarra eta Unai Astiz, Julen Alberdiren eta Julen Urruzolaren kontra.
Eguerdian leherraraziko dituzte opariz betetako bonba japonesak ere, eta bigarren irteera eginen dute erraldoiek, dultzaineroekin batera. Gainera, kale buelta bikoitza eginen du Igandea txarangak, bazkalorduan eta arratsaldean; eta tartean, beste bi zita izanen dira: zezenak aurrena, eta punta-puntako bertso saioa ondoren, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendirekin.
DJ Mikeltxi arduratuko da fiestetako bigarren gaueko musikaz, eta mahaiaren bueltan elkartuko dira goizuetarrak, afari herrikoiarekin.
GOIZUETAKO AMABIRJIN JAIETAN GAUR
ABUZTUAK 15, Amabirjin eguna
07:30, Diana dultzaineroekin
08:00, Entzierroa
10:30, Meza nagusia eta prozesioa
12:00, Pilota partiduak:
A.Legarreta-A.Sagardui/M.Esnal-L.Galardi
Alberdi-Urruzola/Astiz-Lizeaga
12:00, Bonba japonesak
12:30, Erraldoiak dultzaineroekin
13:30, Igandea txaranga
17:30, Zezenak
19:00, Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi
19:00, Igandea txaranga
21:30, DJ Mikeltxi
21:45, Afari herrikoia