«Goizutako fiestatako eun bakoitzak bere izena eta izatea badula san litteke»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 14a, 00:00

Maialen Uitzi eta Eider Zugarramurdi arduratuko dira suziria pizteaz.

Eguerdiko 12:00etan botako dute txupinazoa Goizuetan, eta udal korporazio berriko Maialen Uitzik eta Eider Zugarramurdik piztuko dute suziria: «Ilusio haundikin hartu du berria!».

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira aurtengo Goizuetako Fiestak. Ohi den modura, txupinazoak inauguratuko du egitaraua, eta ekintza ugarirekin beteko da Goizueta ostiralera arte. Udal korporazio berriko kideak izango dira suziria pizteko arduradunak; zehazki, Maialen Uitzi komunikazio zinegotzia eta alkateordea, eta Eider Zugarramurdi turismo zinegotzia. Gogotsu daude goizuetarrak une berezia bizitzeko.


Korporazio berriko kideei dagokizue aurten txupinazoa botatzea. Nola hartu duzue albistea? 

Ilusio haundikin hartu du berria! Asko matte du gure herria Goizuta ta ondorengo lau urtetan herrin ta herritarran alde ahal dun guzia itten saiatuko ga. Bide horreri hasiera mateko ze hobe herriko fiestari hasiera matea biño! Ohore bat izango da. Gañea beti beste aldetik bizittu izandu du, herritar modun kaletik udaleko balkoira beira ta aurten berexia izango da, beste aldea ezautuko baitu. 

Ekintza asko izango dira astelehenetik ostiralera. Zeintzuk dira berezienak? 

Orokorren, berezik denak izaten dia, bai eunen zeharrekok ta bai gauekok ere, bakoitza bere modura. Bateze, fiestatako programan adin guzitako jendentzat daudelako ekintzak… denak parte hartu ta gozatu ahal izateko herriko fiestataz. Aurten, badu ekintza berri bat, nobedadea izango dena seuruna, zezenak gauez antolatu dia. Biño eun bat azpimarratzekotan, eunik berexina 18a dela sango giñuke, peñan euna! Oan dela urte askotik ospatzen den euna da ta goizutarrak asko bizitzen du. 

Zein erabakimen izan du korporazio berriak aurtengo egitarauan? 

Gure taldea sartu aurretik, aurreoko korporaziok fiestan inguruko ia guzia erabakia eta antolatua zaukin… San beharra da, Goizutako fiestak orokorren jai batzordek antolatzen ttula eta bertan, kultura zinegotzia eoten dela udal ordezkari bezela. Gañea, oaingo gure taldeko bi kide, alkatea ta kultura zinegotzia berdiñak dia; hau da, beste lau urtez gurekin udaletxen eongo dia. Eta horrek ere erraxtu diu, lanak ta in behartakok aurrera eramateko garaien. Besteik gabe, antolatutakori eutxi ta azkeneko ukittuk ittea bakarra egokittu ziu guri. 

Ekintza asko errepikatzen dira, ondo funtzionatzen dutenaren seinale, ezta? 

Oaingoz bai, Goizutako fiestatako eun bakoitzak bere izena ta izatea badula san litteke; gazte euna, amabirjin euna, umeen euna, peña euna… ta hauetako bakoitzen urtero errepikatzen dian ekintzak daude: pilota partiduk, zezenak, bertsolarik, otorduk, dantzak, txaranga, kontzertuk… Ekintza hauek ia herrin ohittura dia ta guk uste bere neurrin, horretik funtzionatzen dutela, goizutarrak ohitturari asko eusten diulako, sentittu itten du. 

Zein mezu zabaldu nahi duzue txupinazoan? 

Eskerrak man fiestak antolatzen haittu dian guziri ta eun hoitan lanen haiko gan guziri, berari esker lortzen delako hau dena antolatu ta ospatzea. Herritarrari esker delako Goizuta den bezelakoa. Gure herrik zeoze politta bai bado, elkartasuna ta borondatea da! Herri izaera hori indartxu ta pixtua seitzea gustatuko liuke. Guk gure aldetik, hurrengo lau urtek ilusioz hartuko ttu herria ta herritarran alde itteko. Ta nola ez, fiestataz gozatzeko! 

Kanpotik datorren jendeari zer esango zeniokete? 

Ongi etorrik ta eskertuk izango dia denak! Gure herria, gure herritarrak ta ondokoa errespetatuz, ongi pasatzeko ta gozatzeko! 

Eraso matxisten aurkako protokoloa izango da aurten ere. Zeintzuk dira protokoloaren oinarriak? 

Herri mailan, lehengo urtetik, honen inguruko lanketa hasia da. Goizutako eraso matxisten kontrako mahai-inguru bat sortua do, Goizutan gertatzen dian erason aurren, erantzun soziala modu antolatun erantzuteko. Honen atzen dauden kidek; emakume taldea, udala, umore ona, guraso elkartea eta beste eragile batzuk dia. Bestek beste, erasoa jaso dunari babesa mateko helburukin ta honekin batera, telefono bat eongo da 24 orduz martxan, edozein egoeran aurren erantzuna mateko. 

Hilabete batzuk igaro dira korporazio berria lanean hasi zenetik. Zein egitekotan aritu zarete hasiera honetan? 

Ba oaindik egokitzapen prozesu baten gabiltza… bi hilabete bakarra pasa dia kargua hartu giñunetik. Bakoitzak bere arloa ezautu ta ukitzen hasi berrik ga, egokitzapen “express” bat itten. Ta udan, udaletxea arraro xamarra da, dena erdi antolatua do ta gure ardura, horreri segida matea da. Ikasturtekin batera irailetik aurrera hasiko ga, arlo guzitan lanen ta nola o hala herritarrakin hartu-emanen, herrin alde. Oain momentun, martxan dauden lanak nahiz proiektuk aurrera eramatea du helburu, ta hemendik aurrera torko denari ilusioz eusteko prest. 

Zeintzuk dira korporazio berriaren egitekoak festen ondoren? Zeintzuk dira ikasturte berriko erronka nagusiak? 

Pixkanaka martxa hartzen ai ga, lehen san bezela, zinegotzi bakoitza bere arlon. Denan beharrak asetzea ta gauza guzik denantzat ongi atetzea ezta errexa izango, seuraski ezinezkoa. Gañea gauza asko eztaude gure esku, ezto udalan esku. Legek daude tarteko ta gaur eungo legedik, batzutan behintzat, errextu beharren konplikatu itten tto gauzak. Biño gu, gure eskutan don guzia, ahalik ta okina itten saiatuko ga. Erronka bat azpimarratzekotan, herria ta udalan arteko distantzia murriztea izango da, elkarrengan gertuo sentitzea. Aleia, herritarrak ere udalan parte izatea edo sentitzea. Izane gure korporaziokok, beste guzik bezelaxe goizutar xume batzuk ga, ta denak daukiun sentimentua, gure herria indartu ta pixtua mantentzea da. Difentzi bakarra do, aurten guri tokatu ziula ondorengo lau urtetan herrin alde zerbitzatzea! Ta ohore bat izango da, eskerrik asko!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!