Urteko asterik bereziena iritsi da goizuetarrentzat. Gaurtik ostiralera arte luzatuko diren Amabirjin fiestak hemen dira. Txupinazoak emango die hasiera eguerdian eta hortik aurrera, festa izanen da nagusi, bost egunez eta 24 orduz: kontzertuak gaztetxean eta dantzaldiak plazan, gazte bazkaria, peña bazkaria edota afari herrikoia, pilota, mezak, bertsolariak, zezenak, puzgarriak, sagardo probaketak, toka txapelketa, entzierroak, peñen kalejira...
Aspertzeko tarterik ez da izanen, datozen egunetan, ez goizuetarrentzat ez eta bisitarientzat ere. Izan ere, horixe nabarmendu dute antolatzaileek, mundu guztia dagoela gonbidatua festa batzordeak antolatzen dituen fiestetara: Guraso Elkartea, presoen aldekoak, gazteak, Umore-Ona Elkartea, Goittiki, tabernariak eta Udalaren laguntza estimatuarekin.
«Adin guztientzako ikuskizun eta ekimenak izango ditugu»
Festa batzordeak berak idatzia prestatu du, goizuetarrei eta festa zaleei helarazteko: «Aurten ere bueltan dira hainbeste maite ditugun Goizuetako festak. Aurten adin guztietako herritarrez osatutako festa batzordea berria osatu dugu, eta aurtengoan ere egitarau borobila osatu dugu. Adin guztientzako ikuskizun eta ekimenak izango ditugu, eta zuen gustukoak izatea espero dugu».
«Egun hauetan gozatu, beti ere kontsumo arduratsua eginez, eta jarrera parekideaz. Gaua eta parranda guztionak dira, hortaz, goza dezagun errespetuan. Hala izango ez balitz, jakin erasoen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa martxan dagoela».
«Honekin batera, egunez nahiz gauez ongi pasatzeko, kalera ateratzeko edota herrira etortzeko gonbita luzatzen dizuegu herritar zein bisitari guztiei. Falta ditugunak gogoan, ongi pasa festak! Gora Goizutako fiestak!»
EMAKUME TALDEAREN BERTSOA
Hasi prestatzen arropa zuri,
zapi gorri eta blusa
Bada egi bat, ezin da gorde
ta hemendik dugu luza
Herri txikitan zaia izaten da
erasoen ezagutza
Anai-arreba, kinto zein lagun
zaindu buru ta gorputza
Dantza ta jolas, errespetuaz
maitatzean dago funtsa
Gaur txupinazoa Udal korporazioak botako du
Gaur irekiko da jaien egitaraua, eta datorren ostiralera arte bitartean, makina bat egiteko izanen da Goizuetan. Suziri jaurtiketak irekiko du gaur festa, eguerdiko 12:00etan eta Udal korporazioa izanen da txupina botatzeko arduraduna. Ondoren, Pilota Goxoa txapelketaren finalak emanen dio hasiera agendari, 12:30etan hasita eta txozna irekiko da. Ondoren, hainbeste esperotako gazte bazkaria eginen dute Ikastolan, 14:30ak aldera. Hantxe piztuko da giroa eta jaiak abiadura hartuko du, gazte txupinazoa izanen baita 20:00etan eta, segidan, Goittikiren aldeko bingoa eginen dute. Egitarauko hitzorduak amaitzeko, Gabezin taldearekin dantzaldia izanen da plazan.
Atsedenik ez da izanen Goizuetan. Izan ere, bihar, Amabirjinaren egunean, goizean goiz esnatuko dute herria Lasturko zezenek. Gaupaseroak oraindik ere kaleetan barrena daudela, entzierroa izanen da 08:00etan. Meza Nagusia 10:30etan hasiko da eta eguerdian pilota partidak antolatu dira. Umeentzako bonba japonesak jolasa lehenengo aldiz iritsiko da Goizuetara, Erraldoien irteera aurretik, dultzaineroen laguntzarekin. Arratsaldean, zezenak eta urteroko bertso saioa ere izanen dira, jakina. Bertsotan ariko dira Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Gainera, ez du hutsik eginen afari herrikoiak. Umore Ona Elkartean elkartuko dira herritarrak, eta elkarrekin gozatuko dute jai-giroan.
Etzi, asteazkenean, Sagardoaren Eguna izanen da. Apar festak irekiko du eguna 11:00etan eta sagardo probaketa ordu bete beranduago hasiko da, toka txapelketa amaitu eta gero. Arratsaldean, herriko dantzariek eskainiko dute ikusizuna eskolako frontoian eta segidan herri kirol jaialdiari ekinen diote, 18:30etan, eskolako frontoian bertan. Iluntze aldera Goittikiren bingoa izanen da eta ondoren Andoni Ollokiegiren kontzertua. Zezenek itxiko dute eguna.
Osteguna, abuztuak 17, Umeen Eguna izanen da. Umeen pilota partidak 11:00etan hasiko dira eta haurrentzako puzgarriak eta ur txirrista egonen dira arratsaldean eskolan. Aurretik ume eta gurasoen bazkaria antolatu da. Gauen DJ Xaiborrek itxiko du festa.
Umore Ona Peñaren egunak ere urteroko lekua du aurtengo egitarauan. Hilaren 18an izanen da, azken egunean. Pilota partiduak, txaranga, bazkaria, zezenak, bingoa, dantzaldia eta beste asko izanen dira herrian. Haurrak, gazteak zein helduak dantzan jarriko dituzte Berbena Eztitanek festen azken egunean.
Autobus-zerbitzua martxan, fiesten egun guztietan
Urumea bailaran aski ezagunak dira Amabirjin fiestak, eta jende mordoa bertaratzen da Goizuetara urteko egun hauetan. Hori horrela izanik, autobus-zerbitzua jarri dute aurten ere. Goizuetatik egunero izanen dira irteerak, eta baita Hernanitik ere. Gaurkoan, irteerak 09:00etan eta 15:00etan izanen dira Goizuetatik; Hernanitik Goizuetara, berriz, 11:00etan, 12:00etan eta 19:00etan abiatu ahal izanen da. Bihar Hernanira itzuli nahi dutenek, bi ordu izanen dituzte goizean itzulerarako, 09:00etan eta eguerdian, 11:00etan egonen da horretarako aukera. Hernanitik irteerak 10:00etan eta 12:00etan izanen dira.
Ondoko orriko taulan ikusi daitezke egun guztietako ordutegiak, gaur hasi eta abuztuaren 19ra arteko autobus ordutegia. Antolatzaileek aurreratu dutenez, plazak bete arte igo ahal izango da jendea autobusera. Alegia, ez da izanen aurretik txartelen erosketarik. Goizuetan, irteeran Belakotik izanen dira eta Hernanin Biteriko autobus-geltokia izanen da festara batu nahi dutenen topagunea.
AUTOBUS ZERBITZUA Goizuetatik, 09:00-15:00.
ASTEAZKENA, ABUZTUAK 16 Goizuetatik, 09:00-15:00.
OSTIRALA, ABUZTUAK 18 Goizuetatik, 09:00-15:00.
|
EGITARAUA GAUR, ABUZTUAK 14 Gazte Eguna 12:00 Jaiei hasiera emango die Txupinazoak. Erraldoiak txarangarekin. 12:30 Pilota Goxoa txapelketaren finala. 12:30 Txoznan irekiera. 14:30 Gazte Bazkaria Ikastolan. 17:00 Umeentzako jokuak. 18:30 Umeentzako merendua 18:30 Peñaren irteera igandea txarangarekin. 20:00 Gazte Txupinazoa Gaztetxean. 20:15 Goittikiren aldeko Bingoa Ikastolan. 23:00 Gabezin taldearekin dantzaldia. Ondoren Igandea txaranga. BIHAR, ABUZTUAK 15 Amabirjin Eguna 07:30 Diana dultzaineroekin. 08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin. 10:30 Meza nagusia eta ohiko prozesioa. 12:00 Pilota partiduak. Neskak: A. Legarreta-A. Sagardui/M. Esnal-U. Gomez. Lehendabiziko mailako afizionatuak: Murua-Urruzola/Astiz-Lizeaga. 12:00 Bonba japonesak. 12:30 Erraldoi eta buruhandiak dultzaineroekin herrian zehar. 13:30 Igandea txaranga. 17:30 Zezenak Lasturren eskutik. 19:00 Bertso saioa. Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Ondoren Igandea txaranga. 21:30 DJ. Mikeltxirekin Dantzaldia ikastolan. 21:45 Afari herrikoia. Umore Ona elkartean. ABUZTUAK 16 asteazkena Sagardo Eguna 11:00 Apar festa, eskolan. 11:00 Toka txapelketa heldu eta haurrentzat. 12:00 Nafarroako eta Gipuzkoako sagardogile onenen parte-hartzearekin sagardo probaketa plazan. 12:30 Igandea txaranga. 17:30 Herriko dantzariak eskolako frontoian. 18:30 Herri kirolak. Pentatloia eskolako frontoian. Xabat Olaizola-Jagoba Otaegi (100 kiloko bola, gizaproba, aizkora, txingak eta korrika). Ondoren Txaranga kaleetan. 20:15 Goittikiren bingoa. 22:00 Andoni Ollokiegiren kontzertua. 00:30 Zezenak Lasturren eskutik. Ondoren Igandea txaranga kaleetan barrena. ABUZTUAK 17 osteguna Umeen Eguna 09:00 Irumaita txaranga. 11:00 Pilota partiduak. Umore Ona pilota eskolako umeen pilota partiduak. 12:30 Erraldoiak trikitilariekin. 13:30 Igandea txaranga. 14:00 Ume eta gurasoen bazkaria. 17:00/20:00 Haurrentzako puzgarriak. Ur txirrista eskolan. 19:30 Txaranga. 20:15 Goittikiren bingoa. 20:30 DJ Xaibor. ABUZTUAK 18 Umore-Ona Peñaren Eguna 11:30 Umore Ona Peñaren irteera ikastolako tabernatik. 12:00 Pilota partiduak. Lau T'erdikoa. Lizeaga/Txoperena. Goizueta-Arano: Apezetxea-Apezetxea/Olaizola-Lizeaga. Ondoren Igandea txaranga. 14:30 Umore Ona Peñaren bazkaria ikastolan. 17:00 Umore Ona Peñaren kalejira Igandea txarangarekin. 18:30 Zezenak Lasturren eskutik. 20:30 Goittikiren aldeko Bingoa Ikastolan. 00:00 Udaletxe aurrean festen bukaera Igandea txarangarekin. Segidan Berbena eztitan. Ondoren Igandea txaranga. |