«Herri txikietako ikusleak jakitunagoak izan ohi dira, eta guk asko nabaritzen dugu hori»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 14a, 00:00

Xabat Olaizola Gipuzkoako Txapelketan. Argazkia: Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa.

Duela urtebete inguru egin zuen Xabat Olaizolak harrien mundutik pentatloirako saltoa. Gipuzkoako Txapelketan lehiatu berritan, Goizuetan arituko da etzi, Jagoba Otaegirekin batera. 18:30etan hasiko da saioa, Eskolan.

Duela astebete exkax Gipuzkoako Pentatloi Txapelketan lehiatu zuten Xabat Olaizolak eta Jagoba Otaegik, eta Goizuetako plazan arituko dira etzi. Giza probaz gain, gainontzeko kirolekin osatutako ibilbidea egin beharko dute bi kirolariek; harrijasotzean, aizkoran, txingekin eta korrika. Plazaz plazako ibilbidea «entrenamendu onena» dela nabarmendu du Olaizolak, eta azken urtean emandako aurrerapausua erakusteko gogoz iritsiko da Goizuetara.


Zer moduz zaude fisikoki? Gustura entrenatzen ari zara?

Ondo nago, gustura nabil azkenaldian. Egia da orain arte harriekin aritu naizela gehien, eta orain pentatloia egiteko prestatzen ari naiz. Entrenamendu mota berrietara egokitzen ari naiz, baina, orokorrean, ondo nago. 

Goizuetan arituko zara etzi Jagoba Otaegirekin. Zein izango da lana?

Gipuzkoako Txapelketaren antzeko erakustaldi bat egingo dugu, baina giza probarik gabe; harrijasotzen hogei jasoaldi, lau plaza txingekin, bi ebaki aizkoran eta bi kilometro korrika. Diozun modura, Jagoba Otaegirekin hitz egin nuen eta prest zegoen elkarren aurkako saioa egiteko; beraz, aurrera. 

Nolatan hartu zenuen pentatloira pasatzeko erabakia?

Hasiera batean nik ez nuen aldatzeko asmorik. Binakako pentatloiak egiten hasi zirenean Izetak probatzera animatu ninduen, esaten zidan lan ona egiteko gai nintzela, eta horixe zen asmoa. Kasualitatez, urte horretan bikoteak sailkapenaren arabera egiteko legea jarri zuten, eta ezin izan nuen parte hartu. Hala ere, ordurako jada engantxatu nintzen pixka bat eta nire kontura prestatzen jarraitu nuen. 

Harrietatik pentatloirako trantsizioa egin duzu. Zer moduz moldatu zara gainontzeko kirolekin? 

Guztien artean aizkoran egin behar izan dut lan gehien. Urte bat bakarrik pasa da aizkora lehenengo aldiz hartu nuenetik; Leitzan hasi nintzen eta urte honetan ahal dudan guztia ikasteko lanean aritu naiz. Uste dut horretan daukadala hobetzeko tarte haundiena. 

Aurretik eskubaloira jokatu izanak korrikarako lagunduko dizu, ezta? 

Bai, beno, egia esan korrika egiteko ez dut sekula arazo gehiegi izan. Hala ere, ez da berdina korrika frexko zauden momentuan egitea edo gainontzeko probak egin ondoren egitea. Gainera, mutil haundia naiz, 100 kiloen gainetik nabil, eta horrekin bai sufritzen dudala pixka bat. Helburua kilo batzuk jaistea da. 

Mugitua izaten ari da zure udara? Lan askorekin zabiltza?

Bai, beti izaten dira erakustaldiak. Gainera, abuztu erdialdean erakustaldiak eta txapelketak elkartzen dira. Esango nuke hauxe dela guretzat une onena eta txarrena, plazaz plaza ibiltzea ederra den arren, esfortzu aldetik ere asko eskatzen duelako. 

Etzikoa bezalako erakustaldiek balioko dute txapelketa prestatzeko, ezta?

Bai, bai, noski baietz. Nire ustez ez dago plazakoa baino entrenamendu hoberik. Txapelketa prestatzearen zailena etxeko lana izaten da. Plazako saioetan urduritasuna bestelakoa izaten da, publikoa begira daukazu, eta prestaketarako onena da hori, dudarik gabe. 

Zer du berezitik herri txikietako plazetan aritzeak?

Bereziena da publikoa bertan dagoela. Herri txikietara joaten garenean afizio haundiagoa izaten da eta jakitunagoak dira ikusleak. Asko nabaritzen da proba egin bitartean dakien eta apreziatzen duen batek animatzen zaituenean. Urduritasuna ere haundixeagoa izaten da, arrazoi beragatik. 

Aurreko astean Gipuzkoako Txapelketan aritu zinen. Pozik geratu zara egindako lanarekin?

Bai, zapore gozoarekin bukatu nuen proba. Hirugarren egin nuen lautik, kanpotik begiratuta ez dirudi oso emaitza ona, baina denborari erreparatuta bai. 26:15 izan zen nire marka; aurreko urteko txapelketan Zalduak gehixeago behar izan zuen proba horretan, eta Izetak segundu gutxigatik jaitsi zuen denbora hori. Gainera, ni ez naiz nahi bezain prestatuta iritsi, uztailean beste konpromiso batzuk izan ditudalako. Oso gustura nago lortutakoarekin. 

Gipuzkoako Txapelketan zure atzetik geratu zen Otaegi. Pistarik eman dezake horrek Goizuetarako?

Gipuzkoako proban tarte pixka bat izan genuen elkarren artean, baina esan behar dut gizaproban atera niela denbora gehien gainontzekoei, eta Goizuetan ez da gizaprobarik izango. Gainera, aizkoran denbora gehixeago darama Jagobak, eta korrika ere esango nuke marka hobea lortu zuela. Ikusiko dugu zer gertatzen den; nik harrietako bi probetan lortu nituen emaitza hobeak eta bat faltako zait. Beraz, berdinduagoa izango dela iruditzen zait. 

Hemendik hilabete exkaxera Euskal Pentatloia daukazu. Zein helbururekin joango zara?

Denbora gutxi daramat proba honetarako entrenatzen, baina bilakaera ona izan dudala iruditzen zait. Uste baino azkarrago harrapatu dut erritmoa, eta helburu nagusia finalean sartzea da. Egia da proba zein den ikusita zailagoa izango dudala, lana oso motza delako, eta aizkorak garrantzi haundia duelako. Dena ondo prestatu nahi dut, behin sailkatuta ahalik eta proba onena egin, eta finalean sartzeko. Lehenengo urtea izateko emaitza bikaina izango litzateke hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!