Salgai daude jada Goizuetako Fiestetako bazkari eta afari guztietarako txartelak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 5a, 00:00

Gazte Eguneko bazkariko txartelak hilaren 9an kenduko dituzte salmenta puntuetatik.

Gazte Bazkaria, Umeen Bazkaria eta Peñan Eguneko Bazkaria izanen dira fiestetako otordu garrantzitsuenak. Horrez gain, ekintza ugari antolatu dituzte bazkalosteak girotzeko.

Bederatzi egun exkax geratzen dira Goizuetako Fiestak hasteko. Antolakuntza lanetan buru belarri dabiltza herritarrak, eta argitaratu dute dagoeneko fiestetako egun guztietan izanen diren ekintzak. Urteroko ohiturari eutsiz, otordu ugari izanen dira aurten ere, festa eta herri giroan gozatu nahi dutenentzat. Abuztuaren 14an Gazte Bazkaria izanen da, hilaren 17an Umeen Bazkaria eta 18an Peñan Eguneko Bazkaria; guztietarako txartelak salgai daude dagoeneko. 

 

GAZTE EGUNA

Fiestetako lehenengo egunean izanen da Gazte Bazkaria. Eguerdiko 14:30etan jarri dute hitzordua Ikastolan, eta ekintza ugari izanen dira bazkalostean festarekin jarraitzeko; Igandea Txarangaren irteera, esaterako. 

Gazte bazkarirako txartelak Goizuetako estankoan daude salgai, eta abuztuaren 9ra arte izanen dira bertan. Langileek 20 euro ordaindu behar dituzte; ikasleek eta langabetuek, aldiz, 18 euro. Gazte Eguneko kamixetei dagokienez, abuztuaren 13ko arratsaldean eta abuztuaren 14ko goizean eskuratu ahalko dira. 

 

UMEEN EGUNA

Abuztuaren 17an izanen da Umeen Eguna. Bazkari ederra eginen dute aurten ere haur eta gurasoek, txandaka antolatuta. Eguerdiko 14:00etan izanen da haurren txanda, paella, xolomoa eta izozkia jateko. Ordu erdi beranduago helduek hartuko dute lekukoa, paellaz, postreaz, kafeaz eta kopaz gozatzeko. Sarrerak abuztuaren 14ra arte erosi ahalko dira Amaian Kafetegian eta Goizuetako estankoan. 

Bapo bazkaldu ondoren, puzgarriak eta ur txirrista jarriko dituzte Ikastolan bertan. 

 

PEÑAN EGUNA

Azkenik, fiestetako azken eguneko bazkari bereziko txartelak ere salgai daude jada. Abuztuaren 14a izanen da Peñan Eguneko bazkarirako txartelak erosteko azken eguna. Bazkaria hilaren 18an izanen da, eguerdiko 14:30etan, eta menu bikaina jarriko dute aurten ere: urdaiazpikoa, langostinoak, arraina, azpizuna eta tarta. Hori guztia 30 euroren truke. Txartelak Amaian Kafetegian eta Goizuetako estankoan daude salgai. 

Bazkari ederraren ondoren, kalejira berezia eginen dute goizuetarrek, txarangaren laguntzarekin.

 

«Fiestak nahi al ttizo?»

Ikastolako txanda guztiak betetzeko jendea behar dutela adierazi dute. Prest dagoenak 616 624 493 zenbakira idatzi behar du.

Abuztuaren 14ra arte eskuratu daitezke Umeen Eguneko bazkarirako txartelak.
 

Ikastolako txosna izango da aurten ere Goizuetako Fiestetako eremu nagusienetako bat. Antolakuntza lanetan buru belarri dabiltza herritar asko, baina zenbait turno betetzeko zailtasunak izaten ari dira. Horregatik, deialdia egin dute herritar gehiago animatu daitezen. 

Zehazki, bi txanda betetzeko eskaera egin dute; bi lagun behar dira abuztuaren 14an 23:00etatik 03:00etarako txanda betetzeko, eta beste bi abuztuaren 15eko 07:00etatik 11:00etarako txandan lan egiteko. Txanda egiteko prest dauden pertsonek 616 624 493 telefono zenbakira idatzi behar dute. 

 

Txosnaren muntaia  egiteko deialdia, gaur

Txosnan lan egiteko, ordea, muntaia egin behar da aurrena. Gaur goizerako egin dute txosna prestatzeko deialdia; goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua, eta guztia elkarlanean egitea da asmoa: «Anima zaitezte herriari jaietan hainbesteko bizia ematen dion ikastolako tabernaren muntaian zuen laguntza eskaintzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!